11:57

Politika

Euskobarometroa

EAEko 10 herritarretik 6k independentziari buruzko kontsulta nahi dute

Erredakzioa

Balizko galdeketa horretan 'baietza' (% 35) eta 'ezetza' (% 34) pareko geratuko lirateke, EHUk urria eta arazoa bitartean egindako Euskobarometroaren arabera.

  • Zortzi puntu hazi da independentziaren aldeko herritarren kopurua.

    Zortzi puntu hazi da independentziaren aldeko herritarren kopurua.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

EAEko 10 herritarretik 6k independentziari buruzko kontsulta egitea nahi dute, EHUk egindako azken Euskobarometroaren arabera. Balizko galdeketa horretan, gainera, 'baietza' (% 35) eta 'ezetza' (% 34) pareko geratuko lirateke.

Francisco Llera Soziologian katedradunak Bilbon aurkeztu du EHUk sei hilabetean behin egiten duen ikerketa. Urriaren 27tik azaroaren 14ra telefonoz egindako 600 elkarrizketa baliatu dituzte barometroa egiteko.

Kataluniako prozesua eta Eskoziako erreferenduma aitzakia hartuta, Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) tankerako galdeketa bat egitearen aukeraz itaundu diete herritarrei. Hain justu, hautu horren alde ageri direnen kopuruak gora egin du, iazko Euskobarometroan baino zortzi puntu gehiago erdietsita (hots, herritarren % 62). Galdetutakoen % 26 erreferendumaren kontrakoak dira. Balizko galdeketa horretan, % 35ek alde bozkatuko lukete, % 34k, kontra, eta boto zuria emango lukete % 15ek; galdetutakoen % 12k ez dakite zer egingo luketen.

Dena dela, erreferenduma egitearen aldeko gehiengo hori nabarmen (20 puntu, % 45eraino) jaitsiko litzateke Nafarroa galdeketa horretatik kanpo geratuko balitz.

Independentziaren aldekoen kopurua % 28 murriztuko litzateke balizko independentziak Europar Batasunetik ateratzea eragingo balu eta Espainiako merkatuan garrantzia galtzea ekarriko balu.

Bake-prozesuari buruz galdetuta, damua eta armak uzteko erabakia agertzen duten ETAko presoek onurak merezi dituztela uste dute herritarren % 38k; %32ren aburuz, ordea, odol-deliturik ez duten horiei bakarrik ezarri ahal zaizkie. Gutxiengo baten arabera (% 23), presoek osorik bete behar dituzte zigorrak.

ETA-Espainiako Gobernuaren negoziazioaren gaia ere mahai gainean izan da Euskobarometro honetan. Hain justu, elkarrizketa horren aldekoa da gehiengo zabal bat (% 83). Galdetutakoen erdiak baldintzarik gabeko negoziazio baten alde daude, eta heren batek ETAk aurrena armak uztea jarri du baldintzatzat (azken hau defendatzen dutenen kopurua 12 puntu jaitsi da azken urtean).

Politikarien balorazioa

Politikariak baloratzeko orduan, bakar batek gainditu du herritarren azterketa: Pablo Iglesias Podemoseko idazkari nagusiak (5,6ko nota jaso du). Ondoren, Iñigo Urkullu (4,6), Arnaldo Otegi (4), Pedro Sanchez (3,1), Rosa Diez (2,6) eta Mariano Rajoy (0,9) ageri dira.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena