Politika
Pujol auzia
Jordi Pujol, emaztea eta hiru seme-alaba inputatu egin ditu epaileak
Erredakzioa
Urtarrilaren 27an deklaratu beharko dute, Ogasunaren aurrean deklaratu ez zituzten ondasunei buruzko ikerketaren baitan.
Bartzelonako 31. zenbakiko instrukzio epaitegiak inputatu egin ditu Jordi Pujol Kataluniako Generalitateko presidente ohia, Marta Ferrusola emaztea eta Marta, Mireia eta Pere seme-alabak. Urtarrilaren 27an deklaratu beharko dute.
Epailea Pujol sendiaren dirutzaren jatorria ikertzen ari da, Ogasunean deklaratu gabeko ondasunak atzeman eta gero.
Francesc Homs Generalitateko bozeramaile eta Presidentetza kontseilariak errugabetasun printzipioa errespetatzeko deia egin du.
"Edozein inputazioren aurrean, errugabetasun printzipioa errespetatu beharra dago", esan du, hain zuzen ere.
Uztailaren 25ean, atzerrian dirutza ezkutatuta duela aitortu zuen Jordi Pujolek, eta aitaren jaraunspen bat dela esan zuen.
President ohiak bigarrenez deklaratuko du epailearen aurrean. Aurrenekoa 1984 urtean izan zen, Banca Catalana auziaren harira.
Iruzur fiskala egotzita inputatu gisa deklaratu beharko duen lehen presidentea izango da Pujol.