Politika
Eztabaida
IKER GOMEZ / EITB.EUS
ETAko 54 presok egina dute eskaera zigorrak gutxitzeko, Frantzian egindako espetxe urteak kontuan hartuz.
Albisteak (3)
Informazio gehiago (2)
Espetxe-zigorren pilaketari buruz Europako arautegia Estatuan aplikatzea onartu berri dute, eta legea gaur sartu da indarrean. Ibilbidea, hala ere, zailtasunez hasi du aipatu legeak, batez ere ETAko presoengan izan dezakeen eragina kontuan hartuta. Legearen irakurketa ezberdinak egin dituzte Auzitegi Nazionaleko Zigor Arloko bi sala ezberdinek. Fiskaltzak auzia Gorenera eramatea erabaki du.
ETAko 54 presok egina dute eskaera zigorrak gutxitzeko, Frantzian egindako espetxe urteak kontuan hartuz. Lege honek ordea, aukera hori itxiko diela dirudi.
Hala ere, Europar Batasunak 2008an onartutako araudiaren arabera, Estatuek batak bestearen ebazpen judizialak aitortzen dituzte. Hala, batak bestearen zigorrak. Europar Batasunak Estatu bakar bat bailitzan jardun beharko luke, alegia, presoak delitu beragatik birritan zigorra betetzera behartu barik.
Polemika asteartean piztu zen, Auzitegi Nazionalak Frantzian espetxealdia bete zuten lau presori Espainian zigorraldia murriztea eskatu zuenean, hain zuzen ere.
Francisco Mujika, Santiago Arrospide, Rafael Caride eta Alberto Plazaola dira preso horiek. Auzitegi Nazionalak eskatu zuen haien kartzela-zigorren kalkulu berria egitea, Espainian bete behar duten kartzelaldia berriz kalkulatzeko, Frantzian betetakoa kenduta.
Irakurketa kontrajarriak
ANko Zigor Arloko 1. sekzioko Aretoak Europako zuzentarauan oinarrituta hartu du erabakia. Hortaz, Frantziako espetxeetan igarotako urteak kontuan hartu behar direla eta, beraz, urte horiek murriztu egin behar zaizkiela ondorioztatu du Zigor-arloko Lehen Sekzioak.
Arazoa, baina, 2. Sekzioko Aretoaren irakurketarekin etorri zen. Iñaki Bilbao Beaskoetxea ETAko beste preso baten auzian, kontrako erabakia hartu zuen areto horrek.
Sekzio horretako epaileen arabera, eta Auzitegi Gorenak zuzentarau horren gainean esandakoa kontuan hartuta, gehiketak “ezin du berehalakoa izan, baizik eta legea kontsultatu beharko da”, horren inguruan ebazteko.
Halaber, sekzio horren esanetan, Kongresuak onartu berri duen legean, zuzentaraua barneratzeko, oraindik ez dago indarrean, eta Europako arau horren gaineko “eraginaren interpretazio irizpide” ezberdinak aipatzen ditu.
Gainera, gogorarazi duenez, ezin dira aplikatu 2010eko abuztura arte emandako epaien zigorrak.
Halaber, ebazpenaren arabera, ANk Bilbaoren aurka emandako epaiak “ebazpen frantziarrak atera baino lehen egin ziren”; hori dela eta, ez du uste “delitu guztiak prozesu bakar batean sartzeko loturarik” dagoenik.
Jose Ricardo de Prada Sekzioko epaileetako bat Bilbaori zigorrak ez batzeko (1994 eta 1996 urte bitartean 16 urteko kartzela zigorra jaso zuen, hiru epaitan) erabakiaren kontra azaldu da. De Pradaren iritzian, egokia da Bilbaorik zigorrak gehitzea, Concepcion Espejel eta Julio de Diego kideek erabakitakoaren aurka eginda.
Bertsio kontrajarriak daudela ikusita, Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak helegitea jartzea erabaki du. Auzitegi Gorenera eramango du auzia.
Jesus Alonso Auzitegi Nazionaleko fiskalak kasaziozko errekurtsoa jarriko duela iragarri du, Europar Batasuneko herrialdeetan betetako kartzela-zigorrak pilatu egin behar direla dioen Europako Kontseiluaren 2008ko Erabaki Markoa aplikatuta “legea urratu” dela argudiatuta.
Fiskalaren arabera, Europar Batasunean hartutako erabaki hori “ez da zuzentarau bat” eta, ondorioz, “ez dauka izaera loteslerik”. Gauzak horrela, “Espainiako zuzenbidearen ikuspegitik interpretatu behar da, bere horretan erabaki horrek ez baitauka eragin zuzenik”, erantsi du fiskalak.
Azken erabakia, hortaz, Auzitegi Gorenak hartu beharko du orain.
Frantziako presoen salaketa
Ibon Gogeaskoetxea ETAko kideak salatu du Frantziak "begi-bistatik kendu" nahi dituela bertako euskal presoak, Espainiara bidalita, zigorrak jaioterriko Estatuan bete ahal izateko lege berria aplikatuta.
Gogeaskoetxea ETAko beste sei kiderekin batera ari dira epaitzen Frantziako Estatuan, eta epaiketan salatu duenez, "Frantziak badaki lege hori ezarriz gero zer gertatuko den, Rajoyk dagoeneko esan baitu Espainian sakabanatuta jarraituko dugula".
Gogeaskoetxeak euskal presoen kolektiboaren hiru "premiazko aldarrikapen" azaldu ditu, "legediaren aplikazioan" laburbil daitezkeenak.
Espainiako eta Frantziako estatuetan presoek pairatzen duten "sakabanaketa amaitzea", gaixotasun larriak dituzten hamaika presoak askatzea, eta 20 urtetik gorako kartzela-zigorra bete dutenak libre uztea dira aldarrikapen nagusi horiek.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa