Politika
Kartzela politika
Frantzian ETAko presoak 'bistatik kendu' nahi dituztela salatu dute
Erredakzioa
"Frantziak badaki lege hori ezarriz gero zer gertatuko den, Rajoyk dagoeneko esan baitu Espainian sakabanatuta jarraituko dugula", adierazi du Ibon Gogeaskoetxeak.
Ibon Gogeaskoetxea ETAko kideak salatu du Frantziak "begi-bistatik kendu" nahi dituela bertako euskal presoak, Espainiara bidalita, zigorrak jaioterriko Estatuan bete ahal izateko lege berria aplikatuta.
Gogeaskoetxea ETAko beste sei kiderekin batera ari dira epaitzen Frantziako Estatuan, eta epaiketan salatu duenez, "Frantziak badaki lege hori ezarriz gero zer gertatuko den, Rajoyk dagoeneko esan baitu Espainian sakabanatuta jarraituko dugula".
Gogeaskoetxeak euskal presoen kolektiboaren hiru "premiazko aldarrikapen" azaldu ditu, "legediaren aplikazioan" laburbil daitezkeenak.
Espainiako eta Frantziako estatuetan presoek pairatzen duten "sakabanaketa amaitzea", gaixotasun larriak dituzten hamaika presoak askatzea, eta 20 urtetik gorako kartzela-zigorra bete dutenak libre uztea dira aldarrikapen nagusi horiek.