Politika
2015eko kontuak
Erredakzioa
EH Bilduk Aurrekontuen kontrako osoko zuzenketa aurkeztu du, Bizkaian “norabide aldaketa” beharrezkoa delako. Rementeriaren hitzetan, akordioa "ona da" Bizkaiarentzat eta bizkaitarrentzat.
Albisteak (2)
PSE-EEk eta Bizkaiko Foru Aldundiak 43 milioi euroko diru-partida adostu dute 2015eko Aurrekontuetan, eta, horrela, proiektua onartzea ziurtatu dute. Akordioan, beraz, 43 milioi euroko “ekimen eta programa berriak” jaso dituzte.
Bilbon emandako prentsaurreko batean Iñaki Egaña Bizkaiko Batzar Nagusietan PSEk duen bozeramaleak azaldu duenez, itunaren bidez “langabeziaren kontrako borroka eta hezkuntza industriala sustatzeko azpiegiturak” bultzatuko dituzte.
Era berean, azpiegiturak sendotzeko “inbertsioan ahalegin handiagoa” egitea aurreikusi dute, “efektu biderkatzailea” bultzatzeko. Zehatz-mehatz, PSEko kidearen arabera, 28 milioi inguru Ermuko saihesbidea egiteko bideratuko dituzte datorren urtean, eta 6 milioi euro lantegien arteko errepideetarako. Halaber, “zerbitzu publikoei murrizketarik gabe eustea” adostu dute.
Egañak onartu egin du horiek ez direla PSE-EEk aurkeztuko lituzkeen aurrekontuak, baina horren esanetan, “horren gainetik”, sozialistak saiatu dira “aurrekontuak hobetzen, herritarrentzat eraginkorragoak izan daitezen”.
“Bizkaiak ezin du aurrekonturik gabe egon. Ez da kritikarik egiteko unerik onena”, adierazi du.
"Bizkaiarentzat ona"
Unai Rementeria Bizkaiko Diputazioko bozeramaleak baieztatu duenez, PSE-EErekin lortutako akordioa “ona da Bizkaiarentzat”, ekonomiaren suspertzea egonkortzea ahalbidetuko duelako eta enplegua sortu eta laguntzak eta zerbitzuak mantendu ahal izango direlako.
Gobernu kontseiluaren ondoko prentsaurrekoan, Rementeriak azpimarratu egin du “ardurak” lotu dituela EAJ eta PSE eta, gainera, Bilduk hartutako jarrera kritikatu du “zerotik hasi” nahi duelako, eta PPren jarreraren kontra ere egin du, “alderdien arteko harremana oztopatzen duen jarrera zuhurtziagabea” hartzeagatik.
Diputazioko bozeramalearen esanetan, PSE-EErekin lortutako akordioa “ona da Bizkaiarentzat eta bizkaitarrentzat”. “Enplegua eta jarduera ekonomikoa suspertzeko politikak irmotzea ahalbidetu du eta behar dutenenei emandako laguntzak eta eskaintzen ditugun zerbitzu publikoen kalitatea bermatzen jarraitu ahal izango dugu”, ziurtatu du.
EH Bildu
Irune Soto eta Joseba Gezuraga EH Bilduk Batzar Nagusietan dituen bozeramaileen esanetan, koalizioak Aurrekontuen kontrako osoko zuzenketa aurkeztu zuen atzo, astelehena, Bizkaian “norabide aldaketa” beharrezkoa dela iritzita, proiektuak “okerrak direla baieztatuta” dauden politiken alde egiten duelako.
Bilbon egindako prentsaurrekoan, EH Bilduko batzarkideek salatu dute Diputazioak ez duela Bizkairako politiketan “norabidea aldatzeko inolako asmorik” eta aurkeztu duten proiektua “aurrekoen berdin-berdina” dela.
Besteak beste, Diputazioak enplegua sortzeko politikan “esku hartu gabe” jarraitzen du, horien esanetan, eta, zerga politikari dagokionez, “ez da inolaz ere mailakatua, eta desberdintasuna areagotzen du”, esan dute.
PP, zalantza
PPk epea agortuko du, Jaurlaritzak proposatutako Aurrekontuen aurrean osoko zuzenketa aurkeztuko duen edo ez erabakitzeko, baina “jarrera eraikitzailea” izango du, popularren esanetan, “erakundeak egonkortzeko”.
Bilbon bere alderdiaren jarrera azaltzeko egindako agerraldian eman ditu azalpen horiek Nerea Llanos Euskadiko PPren idazkari nagusiak. Llanosen arabera, bere alderdiak jarrera aldatzea Eusko Jaurlaritzaren eskuetan dago, PPrena “ez baita aldatu”.
Eusko Jaurlaritzak 2015. urterako aurkeztutako Aurrekontuen proiektuaren aurrean zuzenketak aurkezteko epea gaur arratsaldean bukatuko da.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa