15:20

Politika

Akordioa Udalbiltzarekin

'Euskal Herria' marka ipiniko dute Gipuzkoako bide seinaleetan

Erredakzioa

Guztira bederatzi kartel jarriko dira Gipuzkoako errepide nagusietan. A-15ekoak jada jarrita daude, eta gainerakoak ondorengo egunetan jarriko dituzte.

  • Guztira bederatzi kartel jarriko dira, Gipuzkoako errepide nagusietan. Argazkia: EiTB

    Guztira bederatzi kartel jarriko dira, Gipuzkoako errepide nagusietan. Argazkia: EiTB

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Udalbiltza Euskal Herriko udal eta udal hautetsien biltzarrak hitzarmena sinatu dute, Udalbiltzak bultzatutako "Euskal Herria-Basque Country" marka bide seinaleetan erabiltzeko.

Guztira, 9 bide seinale jarriko dituzte Gipuzkoako errepide nagusietan: N-1, A-15, AP-8 eta AP-1. A-15 errepidekoak jada jarrita daude, eta gainerako ondorengo egunetan ipiniko dituzte. Helburua Gabonetarako guztiak jarrita izatea da.

Larraitz Ugarte Gipuzkoako Bide Azpiegitura eta Mugikortasun diputatuak eta Mertxe Aizpurua Udalbiltzako presidenteak prentsaurrekoa eskaini dute Donostian, eta bertan ekimenari buruzko xehetasunak eman dituzte. Azaldu dutenez, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Udalbiltzak hitzarmen bat sinatu zuten joan den uztailean eta helburuak euskal herritartasuna bultzatzea eta nazioartean ezagutaraztea dira.

Mertxe Aizpuruak azaldu duenez, Udalbiltzak "Euskal Herriko nortasun grafiko instituzionalaren eskuliburua" argitaratu du eta bertan Euskal Herria aintzat hartzen duen nortasun grafiko bateratu bat erabiltzea proposatzen die Udalei. "Horren helburua da gure nazioa identifikatuko duen marka bat bultzatzea, eta udaletatik gizartearen alor guztietara zabaltzea", gaineratu du.

Bestalde, Larraitz Ugarte foru diputatuak adierazi du Gipuzkoako Foru Aldundiak ikusi zuela "Udalbiltza nazio markaren inguruan egiten ari zen lana oso interesgarria zela eta bat zetorrela Aldundiak, oro har, eta Mugikortasun eta Bide Azpiegitura Departamentuak zehazki, egin nahi duen lanarekin, Euskal Herriaren nazio egitura indartzeko, herrien arteko saretzea lortzeko, euskal herritartasuna bultzatzeko eta nazioartean ezagutarazteko, eta hain zuzen horixe da hitzarmenaren helburua".

Hitzarmenaren bitartez, Gipuzkoako Foru Aldundiak baimena izango du Udalbiltzak bultzatutako nazio marka bide seinaleetan erabiltzeko. Aipaturiko erabilera bi erakundeen artean zehaztuko da, eta elkarlanerako mekanismoak ezarriko dira.

 

 

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea:
  • Gipuzkoa

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena