Politika
Espetxe politika
Erredakzioa
Presoen sakabanaketa "gizarteratzearentzat ona" dela adierazi du Espainiako Gobernuko presidenteak. Rajoyren adierazpenak “nazkagarriak” direla salatu du Amaiurrek agiri batean.
Albisteak (3)
Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak ETAko presoen sakabanaketaren alde egin du, eta neurri horrekin presoei eurei "mesede handi bat" egiten dietela gaineratu du.
"Terrorismoaz ari gara hitz egiten, eta preso horiei ezartzen zaien espetxe politika gainerakoei ezartzen zaien berbera da, ezin da salbuespenik egin", esan du Rajoyk, Senatuko kontrol saioan, Jokin Bildarratz EAJko senatariaren galdera bati erantzunda.
Rajoyren esanetan, ETAko presoek gizarteratu bahi badute, erakundearekin lotura hautsi, barkamena eskatu, indarkeria gaitzetsi eta agintariekin kolaboratu behar dute. "Hori da gizarteratzea, hori da helburua", gaineratu du.
Are gehiago, Espainiako gobernuburuaren ustez, "sakabanaketa funtsezkoa da gizarteratzea lortzeko, errazagoa baita krimenak errefusatzea ETAren diziplina mantentzearen alde dauden presoek hori galarazten ez badute". "Presoak bananduta badaude, mesede bat egiten diegu; sakabanaketa ona da gizarteratzearentzat", adierazi du.
Bestalde, Rajoyk ukatu egin du bere Gobernuak Langraiz Bideko presoak alboratu izana, eta egun bide horretan 14 preso daudela zehaztu du: "Denek espetxe onuraren bat dute; ETArekin harremana hautsi, indarkeria gaitzetsi, barkamena eskatu eta Justiziarekin kolaboratu dute".
Aldez aurretik, Bildarratzek sakabanaketa amaitzearen alde egin zuen: "Duela hiru urte, ETAk jarduera armatua bukatu zuen; sakabanaketari amaiera emateko unea heldu da".
Senatari jeltzaleak ETA desegin egin behar dela nabarmendu du, baina legea betetzeko deia egin du. "ETAren indarkeria garai zailenetan ere, Aznarren eta Mayor Orejaren garaietan ere, gizarteratze politikak egon dira", gogorarazi du.
"Nazkagarriak"
Rajoyren adierazpenak "nazkagarriak" direla kritikatu du Amaiurrek agiri batean.
"Espainiako Gobernuak euskal presoei aplikatzen dien espetxe politikak eta sakabanaketak oinarrizko eskubideak urratzen dituzte eta eskubide horiek inolako baldintzarik gabe errespetatu behar dira", salatu du Amaiurrek. Nazioarteko erakundeek Exekutiboari "behin eta berriro" gogorarazi diotela erantsi du koalizio abertzaleak.
Kataluniako kontsulta
A-9ko kontsulta ere hizpide hartu du Rajoyk, eta Fiskaltzari Artur Masen aurkako kereila jartzea agindu izana ukatu du. "Ministerio Publikoak independentzia osoz jokatu du", esan du.
Gainera, politika ezin daitekeela "legea betetzearen alternatiba" izan ohartarazi dio Generalitateko presidenteari.
Saioan, CiUko senatariek kartelak erakutsi dizkiote Rajoyri, A9ko parte-hartze prozesuaren harira euren burua erruduntzat jotzeko.
EFE
EFE
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa