20:10

Politika

Urrezko Domina

Huarte eta Urmeneta frankistei Nafarroako Domina kentzea eskatu dute

Erredakzioa

Ezkerreko alderdiek eta frankismoaren aurkako elkarteek gogor kritikatu dute Nafarroako Gobernuak "frankismoa omendu izana".

  • Felix Huarte (ezkerrean) eta Miguel Urmeneta (eskuinean) agintari frankistak. EiTB

    Felix Huarte (ezkerrean) eta Miguel Urmeneta (eskuinean) agintari frankistak. EiTB

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Izquierda-Ezkerrak, EH Bilduk eta hainbat elkartek Felix Huarte eta Miguel Urmeneta agintari frankistak izandakoei Nafarroako Urrezko Domina kentzeko eskatu diote Foru Gobernuari.

Nafarroako Gobernuak atzo erabaki zuen Felix Huarte politikari eta enpresaburu zenari eta Miguel Urmeneta Iruñeko alkate zenari ematea domina, Nafarroako industrializazio prozesuaren sustatzaileak izan zirela argudiatuta.

Hori horrela, Izquierda-Ezkerrak kritikatu egin du erabakia, eta "frankismoa eta Nafarroan 3.400 pertsona hil zituen Erregimen diktatorial eta genozida batean parte hartu zuten pertsonak omendu nahi izatea" egotzi dio UPNri.

"Bereziki mingarria da Felix Huarteren kasua, horren enpresak Erorien Arana eraikitzeko esleipena jaso zuelako, preso errepublikanoek halabeharrez egin behar zuten lanaz baliatuta", deitoratu du.Hori dela eta, domina Fusilatutakoen Senideen Elkarteari ematea proposatu du.

Bilduk Foru Parlamentuan duen taldeak adierazpen proposamen bat aurkeztu du Ganberan, Huarteri eta Urmenetari domina kentzea eskatzeko. Izan ere, "preso politikoak esklabo gisa erabili zituena" saritu dutela salatu du.

Koalizio abertzalearen ustez, aurtengo golardoek erakutsi egiten dute domina nori eman erabakitzeko prozesua aldatu egin behar dela, irekiagoa eta parte-hartzaileagoa izan dadin. Halaber, domina frankismoaren biktimei ematea proposatu du.

Nafarroako Ezkerreko Junta Errepublikanoa "harrituta" agertu da, Erorien Harana eraikitzeko esklaboak erabili zituen enpresaburu bat eta nazien menpe zegoen Dibisio Urdineko boluntario bat saritu dituztelako. Elkarteak hori Memoria Historikoaren Legearen urraketa ote den aztertuko du.

Memoriaren Autobusa plataformak "diktadurari omenaldi publikoa" eman izana eta frankismoaren historia "zuritu" nahi izana salatu du.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena