11:04

Politika

A9a, biharamuna

Kontsulta katalanak oihartzuna izan du nazioarteko hedabideen azaletan

Iker Gonzalez | eitb.eus

Albistea jaso duten munduan zeharreko hedabide gehientsuenek parte-hartzeko prozesuaren izaera independentista azpimarratu dute.

  • Italiako Corriere Della Seraren azala, Kataluniako albistea erdi-erdian duela

    Italiako Corriere Della Seraren azala, Kataluniako albistea erdi-erdian duela

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Katalunian atzo, igandea, egindako kontsultak nazioarteko hedabide askoren azaletan izan du oihartzuna. Ez da harritzekoa, kontuan hartuta 800 kazetarik baino gehiagok izena emanda zutela prozesua bertatik bertara jarraitzeko.

Horrela, Katalunian gertatutakoa jaso duten munduan zeharreko hedabide gehientsuenen lerroburuetan, parte-hartze prozesuaren izaera independentista azpimarratu dute, nahiz eta batzuen ustez "sinbolikoa" izan (Washington Post, esaterako) eta beste batzuen ustez "legez kanpokoa" izan (New York Times ezagunak, besteak beste).

Britainia Handiko telebista kate publikoak webgune digitalean adierazi du boto-emaileen % 80k independentziaren aldeko botoa eman dutela.

Txilen, El Mercurio egunkariak Artur Masek atzo egindako adierazpenak jaso ditu titularrean, baina parte-hartze txikia izan dela zabaldu du.

Corriere Della Sera Italiako hedabide garrantzitsuenetakoak argazkia ipini du azalaren erdi-erdian, "Independentzia, Kataluniaren bultzada" titulupean.

Frantzian, halaber, Kataluniako gizarteak "independentziaren aldeko mobilizazio handia" egin duela nabarmendu du La Dépêche egunkariak.

AEBko The Washington Post egunkariak, batetik, milioi bat lagunek baino gehiagok kontsulta "informal" batean parte hartu dutela jaso du paperezko bertsioan, eta, bestetik, bi milioi lagunek baino gehiagok "independentziaren inguruko inkesta-simulazio bat" egin dutela zabaldu du bertsio digitalean.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena