12:49

Politika

Barometroa

PP hauteskundeetako garaile eta Podemos hirugarren indarra

Erredakzioa

CIS Ikerketa Soziologikoetarako Zentroak gaur kaleratutako barometroaren arabera, boto zuzenari dagokionez Podemos izango da garaile Espainiako hauteskunde orokorretan.

1:13
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Espainiako hauteskunde orokorrak gaur egingo balira, Alderdi Popularrak irabaziko lituzke, jaitsiera handia izan arren, botoen % 27,5 lortuko bailituzke. Legealdi honetako daturik okerrenak jasoko lituzkete popularrek. PSOEk bigarren indarra izaten jarraituko luke, botoen % 23,9 lortuta, eta puntu batera, hirugarren lekuan, Podemos jarriko litzateke, botoen % 22,5 lortuta. CIS Ikerketa Soziologikoetarako Zentroak urrian jasotako datuekin osatutako barometroaren datuak dira. Urriaren 1etik 13ra bitartean egin zen galdeketa, ebolaren krisia eta Caja Madrideko txartel beltzen polemika pil-pilean zegoela.

Inkestaren arabera, boto zuzenari dagokionez (CISek egiten duen boto-estimazioa kontuan hartu gabe), Podemos izango litzateke lehendabiziko indarra. Galdetutakoen % 17,6k erantzun dute Pablo Iglesiasen alderdiari emango diotela botoa; % 14,3k PSOEri, eta % 11,7k, Alderdi Popularrari.

Boto-estimazioa kontuan hartuta, CISen barometroaren arabera, PPk legealdi honetako daturik okerrenak jasoko lituzke. Halere, lehen indarra izaten jarraituko luke, botoen % 27,5 lortuko bailituzke. Atzetik, 3,6 puntuko aldearekin, Alderdi Sozialistak jarraituko luke (% 23,9). Espainiako bi alderdi nagusiek, baina, gero eta gertuago izango lukete Podemos, botoen % 22,5 eskuratuko bailituzke.

Uztailean CISek egindako barometroarekin alderatuta, Izquierda Unida ia erdira jaitsiko litzateke; laugarren indarra izango litzateke, boto-emaileen % 4,8ren babesa lortuta. UPyDk ere behera egingo luke; boto-estimazioaren arabera, bosgarren lekua beteko luke Kongresuan, botoen % 4,1 lortuta. CiUk, berriz, puntu bat irabaziko luke, eta seigarren indarra izango litzateke. Oso gertu ERC izango luke; Esquerrak aurreko barometroko datuak ia bikoiztu egingo lituzke. EAJrentzat botoen % 1 izango lirateke, Amaiurrentzat % 0,9 eta UPNrentzat % 0,1. Barometroaren arabera, mapa politiko honetatik at geratuko litzateke Geroa Bai.

Buruzagi politikoei buruzko iritzia galdetuta, notarik onena Uxue Barkos Geroa Baiko eledunak jaso du: 4,12 puntu. Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusi berriari, berriz, 3,85 puntu eman dizkiote, eta Mariano Rajoy Espainiako presidente popularrari, 2,31. Pablo Iglesias Podemoseko buruari buruz ez dute galdetu barometro honetan, diputatuak bakarrik hartu dituztelako kontuan.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena