Politika
Jaurlaritzaren Soziometroa
E.G - I.A | eitb.eus
Hiru lurraldeetan botoak galduko dituzte PPk eta PSEk, eta EAJ Arabako indar nagusi bilakatuko da, Jaurlaritzak foru eta udal hauteskundeei begira egindako soziometroaren arabera.
Informazio gehiago (1)
2011n hiru lurraldeetan zuten indar berari eutsiko diete EAJk eta EH Bilduk 2015eko Udal eta Foru Hauteskundeetan, eta Podemosek botoen % 10 eskuratuko du, hiru lurraldeetan ordezkaritza lortuta, Eusko Jaurlaritzak gaur kaleratutako Soziometroaren arabera.
Jaurlaritzaren Prospekzio Soziologikoaren Kabineteak boto-asmoaren inguruan galdeketa egin die herritarrei banakako elkarrizketetan urriaren 6tik 13ra. Inkesta horren arabera, 2011ko Udal eta Foru Hauteskundeetan izandako emaitza beretsuak lortuko dituzte EAJk eta EH Bilduk.
Hala, Bizkaian duten nagusitasunari eutsiko diote jeltzaleek (bi puntu jaitsiko dira, bozen % 35,9 erdietsita), eta Araban lehen indar bilakatuko dira, PPren kaltean. 2011n bezala, Gipuzkoan EH Bildu izango da bozkatuena, bi puntu behera egingo badu ere (botoen % 32,9); hain justu, EAJk irabaziko dituen puntuak (% 25,8).
Podemos alderdi berriak ordezkaritza lortuko du EAEko hiru batzar nagusietan (5na eserleku, boto-proiekzioaren arabera). Bizkaian eta Gipuzkoan, gainera, PPren aurretik kokatuko da, betiere Soziometroaren arabera. Pablo Iglesiasen alderdiak ez du argitu EAEko Foru eta Udal Hauteskundeetara aurkeztuko den ala ez, baina Jaurlaritzak galdeketan sartu du.
PSEk eta PPk boto galera izango dute hiru lurraldeetan, batez ere azken honek. Izan ere, Araban gaur egun duen nagusitasuna galtzearekin batera, laugarren indar izatera pasatuko da Alderdi Popularra (botoen % 25,96 izatetik % 19,5 lortzera igaroko da). Horrez gain, launa puntu egingo dute behera Bizkaian eta Gipuzkoan.
Alderdi Sozialistari dagokienez, hirugarren indar izaten jarraituko du hiru lurraldeetan, hori bai, Bizkaian eta Gipuzkoan hiruna puntu galduko dituzte, eta bat, Araban.
Emaitzak, lurraldeka
EAJ izango da garaile Araban, botoen %22,9 eskuratuta (13 batzarkide), Alderdi Popularraren 2011ko nagusitasuna apurtuta. Izan ere, popularrek 6 puntu egingo dituzte behera (5 eserlekuko galera) eta hirugarren indar izatera pasatuko da. EH Bildu bigarren indar bozkatuena izango da, botoen % 21,9rekin. Sozialistek puntu bakarra galduko dute, 9 batzarkideri eutsita. Podemosek 5 eserleku lortuko ditu.
Bizkaian 2011n zuen gehiengoari eutsiko diote jeltzaleek, puntu eta eserleku bana galduta, hori bai. EH Bilduk 2011n jasotako emaitza beretsuak lortuko ditu, bozen %21 eskuratuta. Aipatzeko modukoa da lurralde honetan Alderdi Popularrak eta PSEk botoetan izango duten beherakada: sozialistek hiru puntu galduko dituzte eta popularrek, lau. Podemosek 5 eserleku izango ditu Batzar Nagusietan.
Soziometroaren arabera, Gipuzkoako Batzar Nagusietako osaera honakoa izango litzateke: EH Bildu izango da nagusi, bi puntu eta hiru eserleku galduko baditu ere (19 batzarkide izango ditu 2015ean, boto-proiekzioaren arabera). Jeltzaleek bi puntu eta eserleku bat irabaziko dute. Galeren artean PSErena eta PPrena dira nabarmentzekoak: hiru eta bi puntu egingo dute behera, hurrenez hurren (8 eta 4 eserleku). Bizkaian eta Araban bezala, Podemosek 5 eserleku lortuko ditu.
Hiriburuetako emaitzak
Batzar Nagusietarako emaitzak eskaintzeaz gain, EAEko hiru hiriburuetakoak ere ageri dira Jaurlaritzaren 2014ko azaroko soziometro honetan. Gasteizen EAJ, PP eta EH Bildu alderdien arteko berdinketa izango da, botoen % 20, % 19,8 eta % 19,7 erdietsiko baitute, hurrenez hurren. Boto-proiekzioa eginda, 7 zinegotzi izango dituzte jeltzaleek, eta 6na EH Bildu koaliziokoek eta popularrek. Horren arabera, PSEk 5 zinegotzi izango dituzte eta Podemosek, 3. Batzar Nagusietan bezala, PPk Arabako hiriburuan duten pisuak nabarmen egingo du behera: botoen % 29,2 izatetik % 19,8 izatera igaroko da (3 zinegotziko galera).
Bilbon nagusi izaten jarraituko du EAJk, baina gehiengo osoa galduta. Izan ere, botoen % 44 eskuratu zuen 2011an; soziometroaren arabera, % 38,9 lortuko du orain. EH Bildu izango da bigarren indar, botoen %16 erdietsita eta zinegotzi bat irabazita. Gainerako indarren banaketa honakoa izango da: PP, hirugarren indar (zinegotzi bat gutxiago); PSE, ondoren (lau ordezkariei eutsita) eta Podemos azkenik, bi zinegotzirekin.
Donostian ere 2011ko hauteskundeen tankerako argazkia izango da, lehen indarrari dagokionez behintzat. Hala, EH Bilduk orduan zituen zinegotzi kopuru bera izango du, 8. Sozialistek bigarren indar izateari utziko diote, bost puntuko eta bi zinegotziko galerarekin. EAJk eskuratuko du, hain zuzen, sozialisten lekua, botoen % 21, 2 erdietsita (2011n baino hiru puntu gehiago). Alderdi Popularrak lau zinegotzi izango ditu, aurreko legegintzaldian baino bi gutxiago. Horrenbestez, Podemos hirugarren indar bihurtuko da, hiru zinegotzi eskuratuta.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa