13:53

Politika

Memoria historikoa

Frankismo garaian desagertutakoak omentzeko kolunbarioa eraikiko dute

Erredakzioa

Memoria historikoaren alorrean dituen 12 proiektuak aurkeztu ditu  Jaurlaritzak. Elgoibarren kolunbarioa eraikitzea eta biktimei aitormen ziurtagiri ofiziala ematea daude proposatutakoen artean.

1:34
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Espainiako Gerra Zibilean eta Frankismo garaian identifikatu ezin izan ziren desagertutakoen hezurrekin kolunbarioa eraikiko du Eusko Jaurlaritzak Elgoibarren (Gipuzkoa), izenik gabeko biktima horiek gogoan hartzeko eta omentzeko asmoarekin.

Elgoibar ez dute halabeharrez aukeratu; izan ere, Gipuzkoako herriak “toki garrantzitsua du Gerra Zibilaren historian”. Elgoibarren izan zen borrokarekin tropa frankistak geldiarazi zituzten eta aurreneko Eusko Jaurlaritza osatzeko denbora eman zuen horrek. Jose Antonio Agirre lehendakaria izan zuen lehen Exekutiboak. “Bataila hura gertatu izan ez balitz, Eusko Jaurlaritzarik ez litzateke izango”, ziurtatu du Urkulluk.

Frankismo garaian gertatutakoak argitu eta erreparatzeko, Memoria Historikoaren 2015-16 Programaren 12 proiektuak aurkeztu ditu Iñigo Urkulu lehendakariak. Hain justu, Eusko Jaurlaritzak aurreikusitako proiektuetako bat da kolunbarioa.

Horrez gain, frankismoaren biktimak aitortzeko ziurtagiri ofiziala sortuko du Jaurlaritzak, eta biktimari berari edo haren senideei helaraziko die. Desagertutakoak identifikatzeko eta bilatzeko plana ere ideiatu nahi du Iñigo Urkullu buru duen gobernuak.

Bestalde, Gerra Zibilean eta Frankismo garaian "memoria historikoaren alorrean garrantzitsuak izan ziren lekuak" atzeman nahi ditu Jaurlaritzak, "Euskadiko ondare historiko material" bihurtzeko asmoarekin.

Ekitaldi bat, urtero

Egitasmoak 500.000 euroko aurrekontu bat izango du. Frankismoren biktimak gogorarazteko ekitaldi instituzional bat urtero antolatzea planteatzen du planak. Era berean, urtero omenaldi eta oroimenerako egutegi bat osatzea proposatzen du.

Bestalde, ikur frankistak kentzen jarraitzeko konpromisoa hartu du Exekutiboak planean. Testuingurutik aldatzeko tokitik aldatzea, Bilboko alkate frankisten irudiekin egin bezala, edo kentzea planteatzen du egitasmoak.

Gerra Zibileko eta frankismoko krimenak jazartzeko demanda judizialei babesa emateko konpromisoa barneratzen du planak. Zentzu horretan, Argentinan aurkeztutako kereilari babesa eman dio lehendakariak. Erregimeneko 20 bat kargudun ohi inputatu zituzten iragan astean.

Gobernuaren helegitea

Poliziak egindako abusuen biktimak laguntzeko dekretua hizpide izan du Urkulluk. Carlos Urquijo Espainiako Gobernuaren ordezkariak helegitea aurkeztea “oso larritzat” jo du lehendakariak.

Urkulluk azaldu duenez, Mariano Rajoy Gobernuko presidenteari helegitea atzera botatzeko eskatu dio pertsonalki, baina momentuz ez du erantzunik jaso.

 

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena