Politika
Kataluniako prozesua
Erredakzioa
Artur Masen Gobernuak idatzi bat aurkeztu du auzitegi horretan, kontsulta alternatiboaren aurka ez egitea eskatzeko.
Albisteak (3)
Kataluniako Generalitateak idatzi bat aurkeztu du Auzitegi Konstituzionalean, azaroaren 9ko kontsulta alternatiboa ez baliogabetzea eskatzeko. Izan ere, Artur Masen Exekutiboak argudiatu duenez, "Espainiako Gobernuak baliogabetutako kontsultaren jarraipena dela uste badu", aurreko kontsulta debekatzeko publikatutako epaia gauzatzea eskatu beharko zukeen.
Francesc Homs Presidentetza kontseilariaren esanetan, Espainiako Gobernuak "botere abusua" egin du kontsulta berriaren aurka eginda, eta Generalitatearen eskuduntzak urratu ditu.
Generalitateak azaldu duenez, Espainiako Gobernuak beste helegite bat aurkeztu baino gehiago, aldez aurreko epaia ezartzea eskatu beharko zukeen.
"Hori Zuzenbide lehen mailako ikasle batek ere badaki", adierazi du kontseilariak.
Horren ildotik, helegite berria aurkeztuz, Rajoyren Gobernuak kontsulta alternatiboa "automatikoki bertan behera geratzea" nahi duela zehaztu du Homsek.
"Espainiako Gobernuak botere abusua egin du", ohartarazi du kontseilariak, mugimendu horrekin Generalitatearen alegazioak galarazi nahi dituela uste baitu.
Konstituzionalak bertan behera uztea erabakitzen badu ere, deialdiari eusteko eskatu dio Kataluniako Batzar Nazionalak (ANC) Generalitateari. Hala ere, Joana Ortega ANCren bozeramaileak adierazi du % 100ean ezin dela ziurtatu datorren igandean boto-kutxak jarriko dituztenik.
“Gure borondatea zein den badakizue”, adierazi du Artur Mas Kataluniako presidenteak Bartzelonako ekitaldi batean. Horrela, galdeketa egiteko borondatea berretsi du Masek. Era berean, “erakundeen arteko lankidetza” eskatu du presidenteak.
Josep Rull Convergència Democràtica de Catalunya taldeko idazkari nagusiak azpimarratu duenez, Konstituzionaletik bertan behera uzteko agindua badator, azaroaren 9a "Espainiako demokraziaren lotsaren eguna" izango da.
Konstituzionalaren erabakiek Kataluniari ez eragiteko independentzia aldarrikatu du Oriol Junqueras ERCko presidenteak: “Auzitegi Konstituzionalak esandakoa sekula gehiago eraginik ez izateko independentzia nahi dugu”.
ERCk gonbidapena egin die independentziaren aurka daudenei: botoa emateko eskatu die, "ezezkoak ere balioko duelako" datorren igandean.
Alicia Sanchez Camacho popularrak, bestalde, "legea urratzen badu", Artur Masek "ondorioak" jasan ditzakeela ohartarazi du.
Esther Niubo PSCko bozeramaileak iragarri duenez, sozialistek proposamena egingo dute kontsultaren biharamunean Kataluniako egoerari irtenbide bat emateko, baina ez du xehetasunik eman. Alderdiaren bi proposamen nagusietan oinarrituko dela aurreratu du Niubok: Konstituzioaren erreforma eta kontsulta guztiak legezkoak eta adostuak izan behar dira.
Ultraeskuindarren boikota
Bestalde, azaroaren 9ko kontsultaren alde dauden Kataluniako alderdi politikoetako ordezkariek euren jarrera azaldu dute Madrileko Ateneon. Falange eta Aliantza Nazionaleko ultraeskuindar talde bat ekitaldiari boikot egiten saiatu da.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa