11:47

Politika

Bidaia ofiziala

Ekonomia izango du ardatz lehendakariak Mexikora egingo duen bidaiak

Erredakzioa

Iñigo Urkullu lehendakariak bidaia ofiziala egingo du aste honetan Mexikora. Arantza Tapia Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburua harekin joango da.

  • Iñigo Urkullu EFE

    Iñigo Urkullu lehendakaria. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Ekonomian eta negozio berrietan oinarrituko da Iñigo Urkullu lehendakariak aste honetan egingo duen bosgarren bidaia ofizialaren agenda. Lehendakaria Mexikora joango da, eta bertan ezarrita dauden euskal enpresak bisitatzeaz gain, Mexikoko Gobernuko ordezkariekin ere bilduko da.

Lehendakariarekin batera, Arantza Tapia Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburua ere izango da Mexikon. Tapia aurreko astean joan zen Amerikara, eta hainbat bilera egin ditu egun hauetan.

Euskal ordezkaritzak enpresa-topaketa bat izango du astelehenean. Querétaro, San Luis Potosí eta Guanajuato estatuetan ezarrita dauden euskal enpresen ordezkariekin bilduko da. Horrez gain, Mondragon-UCO unibertsitatea inauguratuko du. Gipuzkoako unibertsitateak erosi egin du Mexikoko unibertsitatea.

Astelehenean bertan, Querétano estatuko gobernadorearekin eta Garapen Jasangarrirako Estatu idazkariarekin ere bilduko da.

Urkulluk eta Tapiak Mexikora egingo duten bidaia asteroko Gobernu Kontseiluarekin bat dator. Hori dela eta, eta lehen aldiz, bideokonferentziaz egingo du Jaurlaritzak bilera asterarte honetan. Bilera horretan, 2015. urterako Aurrekontuen proiektua onartuko dute.

Querétaroko Aernnova enpresaren bi lantegietan izango da asteartean lehendakaria, eta Mexico Business Summit ekonomia alorreko goi-bileran egingo den mahai-inguruan parte hartuko du.

Mexiko Hirira bidaiatuko du asteazkenean Iñigo Urkulluk. Euskal ordezkaritzak bilera egingo du herrialdean kokatuta dauden euskal enpresariekin. Ondoren, Las Vizcainas eskolan izango da. XVIII. mendean sortu zuten ikastetxea euskaldun batzuek. Horrez gain, Mexikon Euskadik duen Ordezkaritzarekin ere bilduko da.

Ostegunean, bilera politikoak izango dira nagusi. Mexikoko Gobernuko Energiaren Estatu idazkariarekin bilduko da lehendakaria, Senatua bertatik bertara ezagutzeko aukera izango du, eta UNAM Mexikoko unibertsitate ezaguneko aditu talde bati hitzaldia eskainiko die.

Puebla estatura joango da Urkullu ostiralean. Bertako gobernadorearekin bildu ondoren, Gestamp Bizkaiko enpresak Mexikon irekiko duen lantegi berriaren inaugurazioan parte hartuko du. Gauean, Mexiko Hiriko Euskal Etxeko kideekin bilduko da.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena