Politika
Bakegintza
Hauteskundeek armagabetzean eraginik izango ez dutela uste du Currinek
Erredakzioa
Desarmatze prozesua “atzerapena” pilatzen ari dela onartu du Hegoafrikako abokatuak. Atzerapena Espainiako eta Frantziako gobernuen parte-hartze eskasari egotzi dio.
Udal-hauteskundeen gertutasunak ETAren armagabetze prozesuari eragingo ez diola ziurtatu du gaur Brian Currin Hegoafrikako abokatuak. Currin Harremanetarako Nazioarteko Taldearen zuzendaria da.
ETAren amaiera prozesua aztertzeko hitzaldia eman du Currinek Donostian. Ekitaldia Lokarri eta Bake Bidea kolektiboek antolatu dute.
Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea eta Alberto Unamunzaga Amaiurreko senataria hitzaldian izan dira.
Hegoafrikako abokatua Alberto Spektorowski eta Raymond Kendall Harremanetarako Nazioarteko Taldearen kideekin batera heldu da Euskadira. Currin alderdiekin zein eragileekin bilduko da eta bi ekitaldi publikotan parte hartuko du: Donostiako Aquariumean emandako hitzaldia eta Ipar Euskal Herriko alderdi politiko guztietako ordezkariek egindako agiri baten aurkezpena ostiral honetan, Baionan.
Armagabetze prozesua
Desarmatze prozesua "atzerapena" pilatzen ari dela onartu du abokatuak. Espainiako eta Frantziako gobernuen parte-hartzerik gabe ETAren taldeak desegitea oso zaila dela kritikatu du Currinek. Zentzu horretan, ETAk "erakunde terrorista gisa" klandestinitate testuinguru batean jarraitzen duela gogorarazi du.
"Berehala egingo diren hauteskundeek" desarme prozesuari eragingo ez diotela uste du Hegoafrikako abokatuak. Nahiz eta armagabetzean "atzerapenak" daudela onartu, hauteskundeen ondorio ez dela argitu du. Horrela, desarmeak "aurrera" egiten jarraitzen duela ziurtatu du, nahiz eta "arazo logistikoak" onartu.
Brian Currin, Alberto Spektorowski, Raymond Kendall eta Paul Rios Donostian. Argazkia: EFE
Hala ere, "bake prozesuaren" garapenarekin baikor azaldu da hegoafrikarra. Zentzu horretan, Euskal Herriak indarkeriarik gabe jadanik bost urte eman dituela goraipatu du.
Currinen hitzetan, ETAk egindako apustuari eutsi dio eta "iraganetik gero eta gehiago aldentzen ari da". Ondorioz, Euskadik "armarik gabeko etorkizuna espero dezake, euskal herritarrak "lortzen ari dira", erantsi duenez.
Hiru erronka
Abokatuaren esanetan, indarkeriarekin behin betiko bukatzeko hiru "erronka" ditu prozesuak: biktimei egindako mina erreparatzea eta onartzea, ETA behin betiko desagertzea eta presoen egoera.
Currinen ahotan, Espainiako Gobernuaren jarrera "arazo bat da", baina "arazoak konponezinak direnik ez du esan nahi horrek".
Foro Sozialaren ondorioak
Bestalde, bake prozesua bultzatzeko Foro Sozialaren azken bilerako ondorio nagusiak azaldu dituzte Lokarrik eta Bake Bideak. Foro Sozialak azken bilera iragan ekainean egin zuen.
Soilik presoen egoera aztertzen du agiriak. Sakabanaketaren amaiera aldarrikatu eta Zaballako kartzelara eramateko presoen eskakizun indibidualak onartzea eskatu du Foroak.
Gaixo dauden presoei baldintzapeko askatasuna emateko proposamena egin dute eta espetxe politikaren eskumenak EAEren eta Nafarroaren esku uztea eskatu dute.
Azkenik, "alderdi politikoen eta erakundeen babesa duen" presoak birgizarteratzeko egitasmo bat egitea proposatu du Foroak.