Politika
Alderdi Popularra
Erredakzioa
Gasteizko alkateak sinadura bilketa kanpaina abiatu du gizarte laguntzak eskuratzeko baldintzak gogortzea eskatzeko Eusko Legebiltzarrari.
Albisteak (2)
Javier Maroto Gasteizko alkateak adierazi duenez, Alderdi Popularrak ezin du onartu Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentari buruz Eusko Legebiltzarrean egingo den eztabaida "azalekoa" izatea. Hala, Marotok gizarte laguntzak eskuratzeko baldintzak gogortzea eskatzeko sinadura kanpaina abiatu du, izan ere, 30.000 sinadura behar ditu herri ekimen legegilea Legebiltzarrean aurkezteko.
Marotok ekitaldi politiko batean parte hartu du gaur goizean Gasteizen, Javier de Andres Arabako ahaldun nagusiarekin eta Alfonso Alonso Arabako popularren presidente eta PPk Diputatuen Kongresuen duen bozeramailearekin batera. Bi buruzagi popularrek Marotok abiatutako ekimenari babes osoa eskaini diote.
Gasteiztarrak eta arabarrak "solidarioak eta integratzaileak dira, baina ez edozein modura", Marotoren arabera. Halaber, "herritarren kezkak entzun nahi ez dituztenak" gogor kritikatu ditu: "Kaleko jendea kezkatzen duten gaiei buruz hitz egiten dugunean zergatik jartzen dira urduri eta amorratuta? Zergatik ezin dugu kalean pil-pilean dauden gaiez hitz egin?".
Laguntza sozialetan "abusu" asko izaten ari direla esaten omen diote herritarrek Marotori. Eztabaida horri uko egiten diotenei ondorengo galdera egin die: "Merkatari batek haren negozioari bultzada emateko mailegu bat eskatzen dio bankuari, baina horrek ukatu egiten dio. Ondoren, gizarte laguntzak eskatzera joaten da, baina laguntza ukatzen diote. Haren atzetik paperik gabeko etorkin bat joaten da diru-laguntzak eskatzera eta hari hilean 866 euroko laguntza ematen diote. Horren aurrean zer esan behar diogu merkatariari?".
"Arazoaz" hitz egiteko premia nabarmendu du Marotok. Alderdi Popularrak gaiaren inguruan proposamenak egingo dituela gaineratu du, izan ere, PPk diru-laguntzak mantentzea defendatzen du, "baina ez abusuak" mantentzea. Halaber, eztabaida hau "toki guztietakoa" da.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa