11:23

Politika

Nafarroako Parlamentua

Barcinaren gobernua gaitzetsi du oposizioak

Erredakzioa

Foru Komunitatearen egoerari buruzko eztabaidak bigarren eta azken eguna izan du gaur Nafarroako Parlamentuan. Autogobernuaren defentsa izan dute gaur gai nagusi.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Foru Komunitatearen egoerari buruzko eztabaidak bigarren eta azken eguna izan du gaur. Atzo aurkeztutako 28 ebazpen-proposamen eztabaidatu eta bozkatu dituzte, 10:00etan hasita. Autogobernuaren defentsa izan da gai nagusia ia saio osoan. Oposizioko alderdiak oso haserre agertu dira, Yolanda Barcina presidenteak atzo arte "ezkutuan" gorde duelako Volkswagenen BEZ zergaren kontura Espainiako Ogasun Ministerioarekin zabalik duten negoziazioan Cristobal Montoro ministroak 870 milioi euro eskatu zizkiola liskarra amaitutzat emateko. Eztabaidari ekin aurretik, oposizioko talde guztiek, PPNk izan ezik, mozio bat aurkeztu dute Barcinaren gobernuaren jokabidea "gaitzesteko". Barcinak ez duela garden jokatu salatu du oposizioak.

PSNren eledunak, Juan Jose Lizarbek, ireki du gaurko saioa Nafarroako Parlamentuan. Sozialisten ebazpenen artean, autogobernuaren defentsa "irmoa" egiteko eskatu dio UPNren gobernuari Lizarbek. Bestetik, Volkswagenen BEZaren auzian Nafarroako Gobernuak hartu duen jarrera zuzentzeko eskatu dute sozialistek. Oposizioko talde guztiek, PPNk izan ezik, bat egin dute proposamen horrekin.

Aurkeztutako beste ebazpenetako batean, ekonomia suspertzeko "urgentziazko neurriak" eskatu dituzte sozialistek. Lehen sektoreari ere aipamen berezia egin diote sozialistek; nekazaritza eta abeltzaintza enpresei agindutako diru-laguntzak ez zaizkiela heldu salatu dute.

Hezkuntzari dagokionez, PSNk kezka agertu du, besteak beste, Nafarroako Unibertsitate Publikoa finantzatzeko urte jakin batzuetarako plana ez delako gauzatu. Osasun zerbitzuen egoera ere kritikatu dute, eta berehalako neurriak eskatu dituzte.

Sozialisten proposamen guztiek egin dute aurrera, guztiek babes bera jaso ez badute ere.

Eskubide historikoak aldarrikatu dituzte Bilduk eta Aralar-NaBaik

Lizarberen agerraldiaren ostean, Maiorga Ramirez Bilduko parlamentariak hartu du hitza. Bilduk eta Aralar-NaBai taldeek elkarrekin aurkeztu dituzten lau proposamenak defendatu ditu Ramirezek. Besteak beste, Itun Ekonomikoa negoziatzeko batzordea deitzea eskatu dute bi alderdiok. Parte-hartze politikak sustatzeko formulak eta planak abian jartzea ere eskatu dute.

"Nafarroa nafarrek erabaki behar dute", esan du Ramirezek. Nafarroako eskubide historikoak aldarrikatu dituzte bi taldeok, eta Estatuaren "erasoei eta mehatxuei"  foru arauen bidez aurre egiteko premia azpimarratu dute.

Bilduk bere aldetik aurkeztu duen ebazpenean, "Nafarroaren aniztasun politikoa, ideologikoa eta kulturala" onartzeko eta aitortzeko eskatu du. Aralar-NaBaik, berriz, oinarrizko zerbitzu publikoetan inbertsioak eskatu ditu, bakarka egin duen proposamen bakarrean. Txentxo Jimenezek defendatu du azken ebazpen hori. Hezkuntza eta ikerkuntza lehenetsiko dituen inbertsio programa beharrezkotzat jo du. Oposizioko talde guztiek babestu dute proposamena. UPN abstenitu egin da.

Bilduk eta Aralar-NaBaik elkarrekin aurkeztutako lau ebazpenen aurka bozkatu dute erregionalistek eta popularrek. Dena dela, horietako hiru aurrera atera dira, gainerako taldeen babesarekin. Bilduk bakarka aurkeztu duen proposamena ere onartu dute, PPNk eta UPNk izan ezik, gainerako taldeek aldeko botoa eman diotelako.

Atzera bota duten ebazpen bakarra gatazka politikoa konpontzeko neurriei lotutakoa izan da: bakegintzan aurrera egiteko pausoak aldarrikatzen zituzten Bilduk eta Aralar-NaBaik. PSN, UPN eta PPN kontra agertu dira.

PPNk zerga murrizpena eskatu du

Eloy Villanueva PPNko parlamentariak zergak murriztea eta zerga-sistema lehiakorra ezartzea eskatu du. ETAren biktimei "zor zaien aitortza" egitea ere aldarrikatu du popularrak. Halaber, batez ere hezkuntzan, Nafarroaren errealitatea errespetatzeko eskatu du.

PPNren proposamen guztiak babestu ditu UPNk. PSNk ere denak babestu ditu, zergak murrizteko proposamena salbu. Bilduk eta Aralar-NaBaik, berriz, horien guztien kontra bozkatu dute.

I-E (Izquierda-Ezkerra) taldeak, bere aldetik, Estatuak etxebizitza izateko eskubidea eta doako osasun zerbitzua izateko eskubidea jasotzen diztuzten foru legeen kontra jarritako helegiteak erretiratzeko eskatu du. UPNk eta PPNk kontrako botoa eman dute. Ebazpenak aurrera egin du, gainerako talde guztiek babestuta.

Geroa Baiko atxiki gabeko parlamentariek, berriz, Volskwagenen BEZaren inguruan Auzitegi Gorenean aurkeztekoak diren errekurtsoa berehala erretiratzeko eskatu dute. UPN abstenitu egin da eta PPNk aurka bozkatu du. Gainerako taldeek babestu egin dute, eta, beraz, ebazpenak aurrera egin du.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena