Politika
Kataluniako kontsulta
Erredakzioa
"Behin betiko galdeketa" egiteko, alderdiek hauteskundeak deitu eta "erreferendum" bihurtu behar dituztela azpimarratu du Artur Masek.
Albisteak (5)
Artur Mas Kataluniako presidenteak eutsi egingo dio azaroaren 9ko kontsultari eta, galdeketa egin ahal izateko, hauteslekuak ireki eta “hautetsontziak eta boto-txartelak” jarriko dituztela azpimarratu du. Bien bitartean, galdeketaren aldeko alderdien “batasuna” orain hamar egunekoa baino baxuagoa dela onartu du.
Artur Masek Generalitateko Jauregiko galeria gotikoan agerraldia egin du gaur, Auzitegi Konstituzionalak bertan behera utzitako dekretuan zehaztu zuen galdeketa modu horretan ez duela egingo erabaki ondoren.
Azaroaren 9ko kontsulta egin ahal izateko “parte-hartze prozesuak” abian jarriko dituela iragarri du Kataluniako presidenteak. Hala ere, egun horretako galdeketa ez dela “behin betikoa” izango gaineratu du. “Behin betikoaren aurreko galdeketa izango da azaroaren 9koa. Behin betiko kontsulta egiteko, aukera bakarra daukagu: alderdiek deitutako hauteskunde batzuk erreferendum bihurtzea, alegia”.
Galderetako txandan, independentzia aldarrikapen bat egitea oraingoz baztertu egin du, aurretik erreferendum bat egiten ez bada behintzat.
'Adostasuna apurtu egin da'
Behin eta berriro, kontsultaren aldeko alderdien batasuna murriztu egin dela azpimarratu du Masek. Kontsulta egin bai, baina “orain hamar egun” baino “adostasun gutxiagorekin” egin beharko dutela esan du.
Azaroak 9ko deialdi horri begira, 20.000 boluntariok parte hartuko dutela eta botoa 16 urtetik gorako herritarrek eman ahalko dutela nabarmendu du Kataluniako presidenteak.
Galdera, iaz alderdiek adostutako bera izango dela azaldu du Artur Masek, nahiz eta sinatutako dekretuan zehaztutako baldintzak aldatu diren onartu.
Mariano Rajoyri ere erantzun dio Artur Masek, Espainiako presidenteak kontsulta ez egitea "albiste zoragarria" dela esan baitu gaur goizean. Kataluniako agintariak esaldi bakar batekin erantzun dio: "Batzuetan, albiste bikainek ordu gutxi irauten dute".
'Ez diogu etsaiari informaziorik emango'
Hautetsontziak kalera ateratzeko erabiliko duen marko legalari buruzko galderarik ez du erantzun nahi izan, "etsaiari informaziorik ez emateko". "Etsaia" Espainiako Gobernua dela esan du behin baino gehiagotan.
Generalitatearen "eskumen orokor" bat erabiliko du Artur Masek, "herritarren parte-hartzea", alegia, baina ez du azaldu nola jarriko duen praktikan.
Espainiako Gobernuak Auzitegi Konstituzionalean beste helegite bat jartzeko aukeraren inguruan, Rajoyren Exekutiboari "arrastorik" ez ematea eta "lan erraza" ez egitea nahiago izan du Artur Masek.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa