Politika
2015eko Aurrekontuak
David Perez | eitb.eus
"Gauzak aldatzen ari dira", adierazi du EH Bilduko legebiltzarkideak, Iñigo Urkullu lehendakariarekin batzartu eta gero.
Albisteak (2)
Bideoak (1)
Hasier Arraiz EH Bilduko legebiltzarkideak EAJrekin akordioak lortzea "posible" dela adierazi du, Iñigo Urkullu lehendakariarekin bi orduz batzartu eta gero.
"Jarrera desberdina dagoela atzeman dugu; ez dakit akordiorik gauzatuko den epe laburrean, baina egia da jarrera desberdina dagoela eta posible dela epe zehatz batean akordioak egiten hastea", nabarmendu du Arraizek, prentsaurrekoan.
"Gauzak aldatzen ari dira", berretsi du buruzagi abertzaleak, eta EAJrekin eta Eusko Jaurlaritzarekin "aro berria" hasteko unea dela uste dutela gaineratu du.
EH Bilduk erabakitzeko eskubidearen, ekonomiaren eta bakegintzaren arloetan akordioak adostea eskaini dio lehendakariari, eta hark "jarrera irekia" agertu duela azaldu du legebiltzarkide abertzaleak.
Lehendakaria Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdiekin asteazkenean abiatutako bilera-sortaren baitan batzartu da gaur EH Bilduko kidearekin, hain zuzen ere. Asteazkenean Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiarekin egin zuen; etzi Arantza Quiroga EAEko PPko presidentearekin egingo du; eta, hilaren 15ean, berriz, Gorka Maneiro UPyDko legebiltzarkidearekin. Helburua, besteak beste, hurrengo urteko Aurrekontuak adostea da.
Gaurko bileraren ostean, Sortuko presidentea 2015. urteko Aurrekontuak adosteko prest agertu da, bi alderdien eredu ekonomikoak "ezberdinak" direla aitortu badu ere. "Albo batera utzi dugu gure eredu ekonomikoaren defentsa, murrizketa sozialak galarazteko akordioak lortzeko", zehaztu du.
Horren esanetan, "diru-sarrerak handiagoak izan beharko liratekeela uste dugu, zerga politika aldatu egin behar baitugu, baina badakigu horrek zaildu egingo lukeela [EAJrekin] akordioa lortzea; horrenbestez, murrizketa sozialik ez egitea izango da gure lehentasuna".
Nolanahi ere, Jaurlaritzak Aurrekontuak PSE-EErekin hitzartuko dituela uste du Arraizek, EAJrentzat "erosoena" hori dela iritzita.
Bestalde, Arraizek "agenda demokratikoa" adostea eskaini dio Urkulluri, erabakitzeko eskubidea gauzatzeko, eta Eusko Jaurlaritzak Kataluniako erakundeen aldeko jarrera "zehatza" agertu ez izana kritikatu du.
Horren ildotik, buruzagi abertzalearen ustez, "kezkagarria" da Gasteizko Exekutiboaren jarrera, eta Espainiako Gobernuak "adibide gisa" jarri izana deitoratu du. "Hori ez da norabide ona, Kataluniari erabakitzeko eskubidea ukatzea euskal herritarrei ere ukatzea baita", argudiatu du.
Bake eta bizikidetza arloan, EH Bildu beste txosten bat negoziatzeko prest dagoela esan du Arraizek, Eusko Legebiltzarreko lantaldea berriz martxan jartzeko. PSE-EEk, PPk eta UPyDk uko egin zioten batzorde horretan parte hartzeari, EH Bilduk iraganaren azterketa kritikoa egin arte.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa