Politika
Kataluniako kontsulta
Erredakzioa
Kontsultaren aldeko alderdiekin egindako bilera "ondo" joan dela esan du Generalitateko presidenteak. "Ordu askoko laneguna" izan dela adierazi du. Orduak "ongi aprobetxatu" dituztela gaineratu du.
Kontsulta bultzatu duten alderdiekin egindako bilera "ongi" joan dela ziurtatu du gauean Artur Mas Generalitateko presidenteak. Masen hitzetan, kontsultaren prozesuarekin "aurrera" jarraituko dugu, "guztiak batera". Prozesua "azaroaren 9ko bozketarekin" bukatu behar dela erantsi du.
Zortzi orduko bilera amaitu eta gero, Masek agerraldia egin du Generalitateko jauregian. Joana Ortega presidenteordeak, Francesc Homs Presidentetzako kontseilariak eta Oriol Junqueras eta Marta Rovira (ERC), Joan Herrera eta Joan Mena (ICV-EUiA); David Fernandez eta Quim Arrufat (CUP); eta Jordi Turull eta Ramon Espadaler (CiU) buruzagiek Kataluniako presidentea lagundu dute.
"Ordu askoko lanegun bizia" izan dela azaldu du Masek. Orduak "ongi aprobetxatu" dituztela gaineratu du. "Laburbiltzeko", bilera "ongi joan da", erantsi du. Prozesuak aurrera jarraitzen du, nahiz eta Estatuaren "erasoak" azaroaren 9ko bozketa "eragotzi" nahi, agintariaren ahotan.
Generalitateko presidenteak eta kontsultaren aldeko alderdiek (CiU, ERC, ICV-EUiA, CUP) bilera 21:45 aldera amaitu dute. Bilera 11:15ean hasi da.
Kataluniako presidenteak eta kontsultaren aldeko alderdiek azaroaren 9ko galdeketa mantentzea erabaki dute. Era berean, Auzitegi Konstituzionalari galdeketaren etetea “ahalik eta lasterren” altxatzeko eskatuko diote, Francesc Homs Generalitateko bozeramaileak jakitera eman duenez.
Kataluniako Gobernua eta kontsultaren aldeko alderdiak (CiU, ERC, ICV-EUiA eta CUP) bilera egiten ari dira. Bilera amaitu ez den arren, lehen hiru ordu eta erdiak igaro ondoren Homs komunikabideen aurrera atera da eta adostutako lehen puntuen inguruko informazioa eman du jakitera.
Homsek baieztatu duenez, adostutakoen artean ondorengo puntuak daude: deialdia mantentzea, herritarrek parte hartu ahal izateko eta boto eskubidea mantentzeko; Auzitegi Konstituzionalari legearen eta dekretuaren etetea “ahalik eta lasterren” altxatzeko eskatzea; kontsulta egin ahal izateko baldintza demokratiko egokienak bermatzeko azterketa egitea.
Gaueko agerraldia Generalitateko jauregian. Argazkia
Bazkaldu eta gero, alderdiak Generalitatera itzuli dira eta 18:00etan bilerari ekin diote berriro. 21:45 arte bilduta egon dira, 20 minutuko atsedenalditxo bat kenduta. Tartetxo hori hitzaldi labur bat emateko aprobetxatu du presidenteak.
"Irtenbide guztiak"
"Irudikatutako bidearekin jarraitzeko irtenbide guztiak bilatzen ari gara", ziurtatu du Masek.
"Egurra ukitu behar dugu. Dena ahalik eta ondoen joatea espero dugu. Nahi, espero eta konfiantza dugu; irtenbide posible guztiak aurkituko ditugu", erantsi du.
Horrela, bilera batasun mezu batekin amaitu dute, nahiz eta kontsultaren aldeko indar politikoek adostutakoaren eta bozketa blindatzeko hartuko dituzten neurrien inguruan isiltasuna mantendu.
Oriol Junqueras (ERC) eta Jordi Turull (CiU) buruzagien hitzetan, Estatuaren jarrera ikusita "zuhurtzia" beharrezkoa da.
"Datozen egunetan eta orduetan ikusten joango zarete. Pausoak normaltasunez emango ditugu", goraipatu du Joan Herrera ICVko agintariak. Bestalde, ostiral honetan emandako batasun irudia azpimarratu Joana Ortega (UDC) Generalitateko presidenteak.
Kontsultaren kontrolerako batzordearen aurka
Espainiako Gobernuak eta Alderdi Popularrak Kataluniako kontsultaren kontrolerako batzordearen aurka joko dute: batzordea sortzea eta eratzea salatuko dute epaitegietan, datorren astean. Hala jakinarazi du Alicia Sanchez Camacho Kataluniako popularren presidenteak.
Auzitegi Konstituzionalak kontsulta bertan behera utzita, kontrolerako batzordeak ez duela zentzurik eta ezin duela existitu esan du Sanchez Camachok.
Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Gobernuko presidenteak iragarri du Masek atzo sinatu zuen hauteskunde batzordearen sorkuntzaren kontra joko dutela Konstituzionalean, kontsulta bertan behera utzi zuen ebazpena urratzen duelakoan.
Saenz de Santamariak Ministroen Kontseiluaren bileraren ostean azaldu duenez, Estatuaren abokatuak atzo sinatutako dekretua, Kataluniako kontsulten kontrolerako batzordeko kideen izendapenena, azaroaren 9ko kontsulta bertan behera utzi zuen ebazpenaren barruan sartzeko eskatuko du.
Kanpalekua, martxan
Azaroaren 9ko kontsultaren aldekoek kanpalekua jarriko dute berriro gaur Bartzelonao Catalunya plazan, Poliziak atzo dendak kendu bazizkien ere. Protestariek salatu dute polizien jarrera "oldarkorra" izan zela, eta kale gorrian lo egin behar izan zutela.
"Desobeim" (Desobeditu dezagun) lelopean, "Guztia aldatzeko, independentzia" plataformak, independentista ezkertiarrak barne hartzen dituenak, elkarlanerako eta herritarren partehartzerako deia egin du, gaua igarotzeko dendekin plaza bete dezaten.
Atzo 150 inguruko lagunek asanblada batean erabaki zutenez, asmoa da igandera arte plaza horretan egotea, eta ordutik aurrera erabakitzea zer egin, plazan jarraitu "edo sakabanatu".
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa