15:44

Politika

Kataluniako kontsulta

A9ko deialdia mantenduko dute Mas eta kontsultaren aldeko alderdiek

Erredakzioa

Auzitegi Konstituzionalari galdeketaren etetea “ahalik eta lasterren” altxatzeko ere eskatuko diote.

1:39
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Artur Mas Kataluniako presidenteak eta kontsultaren aldeko alderdiek azaroaren 9ko galdeketa mantentzea erabaki dute. Era berean, Auzitegi Konstituzionalari galdeketaren etetea “ahalik eta lasterren” altxatzeko eskatuko diote, Francesc Homs Generalitateko bozeramaileak jakitera eman duenez.

Kataluniako Gobernua eta kontsultaren aldeko alderdiak (CiU, ERC, ICV-EUiA eta CUP) bilera egiten ari dira. Bilera amaitu ez den arren, lehen hiru ordu eta erdiak igaro ondoren Homs komunikabideen aurrera atera da eta adostutako lehen puntuen inguruko informazioa eman du jakitera. Bilerak arratsaldean jarraituko du, eta baliteke, asteburura luzatzea.

Homsek baieztatu duenez, adostutakoen artean ondorengo puntuak daude: deialdia mantentzea, herritarrek parte hartu ahal izateko eta boto eskubidea mantentzeko; Auzitegi Konstituzionalari legearen eta dekretuaren etetea “ahalik eta lasterren” altxatzeko eskatzea; kontsulta egin ahal izateko baldintza demokratiko egokienak bermatzeko azterketa egitea.

Goizeko hamaiketan hasi da bilera Generalitateko jauregian. Artur Mas presidentea CiU, ERC, ICV-EUiA eta CUP alderdietako ordezkariekin bildu da. Bileraren helburua egoera aztertzea eta Auzitegi Konstituzionalak galdeketa bertan behera utzi ondoren eman beharreko pausoak zehaztea izan da.

Arratsaldeko hiruak arte luzatu da bilera, nahiz eta ez den amaitu. Gobernuko iturrien arabera, arratsaldeko seiak bitartean etenaldia egingo dute.

Hainbat gai dituzte esku artean parte hartzaileek. ERC eta CUP alderdiak, esaterako, presio gehien egiten ari direnak dira eta ondorengo eskaerak jarri dituzte mahai gainean: Katalunian bizi diren etorkinen eta atzerrian bizi diren katalanen erregistroa abian jartzea, bozketa mahaietarako kideen zozketa zehaztea, aurrez emandako botoen kudeaketa eta kanpaina instituzionala berriz ere abian jartzea.

Bileran parte hartzen ari direnak hauek dira: Artur Mas presidentea, Joana Ortega Kataluniako presidenteordea, Francesc Homs Presidentetzako kontseilaria, ERCko Oriol Junqueras eta Marta Rovira, ICV-EUiAko Joan Herrera eta Joan Mena, CUPeko David Fernandez eta Quim Arrufat eta CiUko Jordi Turull, Ramon Espadaler eta Mercè Jou.

Homs kontseilaria bakarrik agertu da komunikabideen aurrean. Hiru puntuz osatutako ohar laburra irakurri du eta ez du kazetarien galderarik onartu.

Kontsultaren kontrolerako batzordearen aurka

Espainiako Gobernuak eta Alderdi Popularrak Kataluniako kontsultaren kontrolerako batzordearen aurka joko dute: batzordea sortzea eta eratzea salatuko dute epaitegietan, datorren astean. Hala jakinarazi du Alicia Sanchez Camacho Kataluniako popularren presidenteak.

Auzitegi Konstituzionalak kontsulta bertan behera utzita, kontrolerako batzordeak ez duela zentzurik eta ezin duela existitu esan du Sanchez Camachok.

Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Gobernuko presidenteak iragarri du Masek atzo sinatu zuen hauteskunde batzordearen sorkuntzaren kontra joko dutela Konstituzionalean, kontsulta bertan behera utzi zuen ebazpena urratzen duelakoan.

Saenz de Santamariak Ministroen Kontseiluaren bileraren ostean azaldu duenez, Estatuaren abokatuak atzo sinatutako dekretua, Kataluniako kontsulten kontrolerako batzordeko kideen izendapenena, azaroaren 9ko kontsulta bertan behera utzi zuen ebazpenaren barruan sartzeko eskatuko du.

Kanpalekua, martxan

Azaroaren 9ko kontsultaren aldekoek kanpalekua jarriko dute berriro gaur Bartzelonao Catalunya plazan, Poliziak atzo dendak kendu bazizkien ere. Protestariek salatu dute polizien jarrera "oldarkorra" izan zela, eta kale gorrian lo egin behar izan zutela.

"Desobeim" (Desobeditu dezagun) lelopean, "Guztia aldatzeko, independentzia" plataformak, independentista ezkertiarrak barne hartzen dituenak, elkarlanerako eta herritarren partehartzerako deia egin du, gaua igarotzeko dendekin plaza bete dezaten.

Atzo 150 inguruko lagunek asanblada batean erabaki zutenez, asmoa da igandera arte plaza horretan egotea, eta ordutik aurrera erabakitzea zer egin, plazan jarraitu "edo sakabanatu".

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena