10:19

Politika

Ertzaintzaren LEP

Estatutuko oinarrizko adostasunak haustea egotzi dio Urkulluk Rajoyri

Erredakzioa

Lehendakariaren iritziz, Espainiako Gobernuak Ertzaintzaren Lan Eskaintza Publikoaren kontra jarritako helegitea 'Estatuaren berzentralizazio espirituaren baitan' ulertu behar da.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Ertzaintzako Lan Eskaintza Publikoaren (LEP) kontra helegitea jarrita, Gernikako Estatutuko oinarrizko adostasunak "modu larrian" haustea egotzi dio Iñigo Urkullu lehendakariak Mariano Rajoyren Gobernuari. Horren iritziz, Espainiako Gobernuak autogobernuaren kontra hartutako konfrontazio juridikoaren bidean beste kapitulu bat da, eta jarritako helegitea "Estatuaren berzentralizazio espirituaren baitan" ulertu behar da.

Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV-EHU) Zabalduz Eguna irekitzeko ekitaldian hitzaldia egin du Iñigo Urkullu lehendakariak, eta Espainiako Gobernuak Ertzaintzako Lan Eskaintza Publikoaren (LEP) kontra jarritako helegitea hizpide izan du. Aipaturiko lan-eskaintza publikoarekin 120 lanpostu bete nahi dituzte. Lehendakaria arduratuta agertu da euskal autogobernua pairatzen ari den "erasoak" direla eta.

Hala, Mariano Rajoyren Gobernuak helegitea jarrita, Ertzaintzaren Lan Eskaintza Publikoa gelditzeko pauso berri bat eman duela salatu du Urkulluk. Erabaki horrek "Gernikako Estatutua eta Konstituzioa" urratzen ditu, eta, gainera, "Eusko Legebiltzarraren bermea duen Segurtasun Batzordearen erabakia zalantzan jartzen du". Lehendakariak gaineratu duenez, Espainiako Gobernuak ez ditu betetzen segurtasun publikoaren alorreko oinarrizko akordio politiko eta juridikoak.

Inpugnazio hori Espainiako Gobernuak autogobernuaren kontra hartutako "konfrontazio juridikoaren bidean" beste kapitulu bat da, Urkulluren arabera. Horren esanetan, "Gernikako Estatutuko oinarrizko adostasunak modu larrian haustea dakar eta berzentralizazio espirituaren baitan ulertu behar da. Horri Kataluniako galdeketaren kontra jarritako helegitea gehitu behar zaio".

Urkulluren iritziz, ez dira bateragarriak Mariano Rajoyk eta Espainiako Gobernuak ahotan dituzten elkarrizketarako eta legezkotasuna betetzeko deiak eta autogobernuaren kontrako aldebakarreko politika.

Bestalde, Urkulluk Espainiako Gobernua kritikatu du LOMCE legea "inposatzen saiatzeagatik", eta erabateko jarrera aldaketa izateko eskatu dio. "Beharrezkoa da konfrontazioa eta ukazioa albo batera utzi, eta, elkarrizketan eta akordioan oinarrituta, etorkizun berria eraikitzea", nabarmendu du.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena