11:37

Politika

Bizkaia

Bilbao, 2015eko aurrekontuak adosteko 'behar den guztia' egiteko prest

Erredakzioa

Bizkaiak dituen erronkez mintzatu da Bizkaiko ahaldun nagusia. Agertu duenez, aurrekontuak akordio zabal batekin onartu behar dira.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak baieztatu duenez, Bizkaiko Foru Aldundia "ez dago hauteskunde-kanpainan, ezta hauteskundeetara begira ere", eta "behar den guztia" egiteko prest dago 2015eko Aurrekontuak "onartzea ekarriko duen negoziazio prozesu zabal eta zintzoa" hasteko.

Bizkaiko Batzar Nagusietan egindako hitzaldian, Gernikako Batzar Etxean, Bilbaok bere taldeak aurreko legaldian egindako kudeaketa aztertu du, Bizkaiko etorkizuneko erronkak zeintzuk izango diren azaldu aurretik.

Bizkaiko Foru Aldundia "ez dago hauteskunde-kanpainan, ezta hauteskundeetara begira ere", eta, gaineratu duenez, "gure gobernuaren ekintzak herritarrekin hartutako konpromisoak betetzeko helburua lortzeko bideratuko ditugu, gure agintaldia ahalik eta dignitate handienarekin bukatzeko asmoz".

Hori dela eta, "urrian Finantzen Euskal Kontseiluan 2014ko jarduera ixtea eta aurrekontuak bideratzen lagunduko duen aurreikuspena" egitea dira "gure lehentasunak", Bilbaoren esanetan. Gainera, "Bizkaiko Lurralde Historikoko 2015eko Aurrekontu Orokorraren proiektua" aurkeztea ere lehenetsiko dutela esan du.

Era berean, "aipatutako Aurrekontuak onartzeko akordioa lortzeko negoziazio prozesu zabal eta zintzoa" abiaraziko dute, horren hitzetan. "Edozer gauza egiteko prest gaude helburua lortzeko", zehaztu du.

Bilbaoren iritzian, "Bizkaiak, aurrekontuak akordio zabal batekin onartuta izanda, hauteskunde-prozesuari ekin ahal izatea merezi du". "Helburu hori lotu nahi duten guztiei luzatu diegu gure eskua, bazterketarik gabe".

Bizkaiaren erronkak

Foru Aldundiak dituen lehentasunak banan-banan aletu ditu Jose Luis Bilbaok. Enplegua hizpide, "Edesa berriz zabaltzeko saiakerak egin behar ditugu, langileen laguntzarekin eta industria plan serio eta sendo batekin", nabarmendu du. "Ez da gauza bera termoak Basaurin edo beste leku batean egitea, Bizkaiko ahaldun nagusiarentzat behintzat ez da gauza bera", azpimarratu du.

Enpleguaren Aparteko Funtsera beste 3 milioi euro bideratuko dituzte, Bilbaoren esanetan. Horrez gain, Bilbon, Busturialdean eta Ezkerraldean eskualde mailako hiru plan jarriko dituzte martxan, 1.000 lanpostu sortzeko asmoz. Azaroan, Prestik Gazteen Enplegurako Azoka egingo dute, BECen.

Fiskalitatearen kontura, iruzurgileen kontra gogor jardungo dutela nabarmen du Bilbaok: "Berdin dio zer izen duen, noren senitarteko edo laguna den", agertu du.

Funtzio publikoari dagokionez, "2012ko aparteko soldata ordaintzeko asmoa" du Foru Aldundiak, eta "2014an erosteko ahalmenak izandako galera errekuperatzekoa".

Sustapen ekonomikoaren atalean, Gernikako Elkartegia eraikitzen hasiko direla iragarri du Bilbaok. Aeronautika sektorean ere goi-mailako zentro bat jarriko dute martxan, Jaurlaritzaren laguntzarekin.

Kultura alorrean, Bermeoko Arrantzaleen Museo berritua zabalduko dutela agertu du ahaldun nagusiak. Horrez gain, Bizkaiko Aldundiak Durangoko Azokan "modu aktiboan" parte hartuko duela nabarmendu du. Azkenik, Resurreccion Maria de Azkueren funtsa digitalizatua Interneten eskegitzea eta Bilboko Guggenheim Museoak New Yorkeko museoarekin duen kolaborazio hitzarmena berritzeko asmoa du Aldundiak.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena