08:27

Politika

Kataluniako kontsulta

Artur Masek kontsulta deitzeko dekretua sinatu du

Erredakzioa

Masen esanetan, gaurko egunak "mugarria ezarriko" du, eta kontsultaren antolakuntza elkarrekin negoziatzeko prest dagoela berretsi dio Gobernu zentralari.

1:14
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Artur Mas Generalitateko presidenteak sinatuko du dagoeneko azaroaren 9ko kontsulta deitzeko dekretua. Ondoren, adierazpen instituzionala egingo du Generalitateko Areto Gotikoan.

Masen arabera, gaurko egunak "mugarria ezarriko" du, baina, era berean, kontsultaren antolakuntza elkarrekin negoziatzeko prest dagoela berretsi dio Gobernu zentralari.

Sinadura eta gero egindako hitzaldian Masek esan duenez, "Kataluniak hitz egin, besteek entzutea eta bozkatu nahi du".

"Galdera, data eta esparru legala adosteko prestutasuna agertu dugu, eta jarrera horri eusten diogu kontsulta posible egiteko, baina ezin dugu legaltasunez jantzitako immobilismoan erori", gaineratu du Masek. Hitzaldiaren ostean, Sant Jaume plazan pilatutako jendetza agurtzera atera da presidente kataluniarra.

Gainera, Masen hitzetan, "gaur beti gogoratuko dugun eguna da". Presidentearen arabera, prozesua "gehiengo sozialean, adostasun politikoan, elkarrizketaren eta esparru legalen errespetuan" oinarrituta dago, Kataluniako Parlamentuak onartutako Kontsulten Legeak babestuta deitu baitute kontsulta.

Masek ziurtatu du "prest" eta "zoriontsu" dagoela, eta bere "leloarekin" laburbildu nahi izan du: 'Burua hotz, bihotza bero, ukabila estu eta oinak lurrean".

 

Sinadura 10:30ak pasatxo zirenean egin du, Generalitateko jauregian egindako ekitaldi instituzionalean. Erakunde ezberdinetako ordezkariek eta Kataluniako gizarteko ordezkariek parte hartu dute bertan. Besteak beste Nueria Gispert Parlamenteko presidentea izan da.

Jordi Baiget Kataluniako Gobernuko idazkariak kontsulta deitzeko dekretuaren puntu nagusiak irakurri ditu, joan den astean Parlamentuak onartu zuen Kontsulta Legearekin bat.

Gauean, Artur Masek zuzeneko elkarrizketa emango dio Kataluniako telebista publikoari.

Masek dekretua sinatu bezain laster, Espainiako Gobernuak Estatuaren makinaria abian jarri du legeari aurre egiteko.

Soraya Saenz de Santamaria Gobernu espainiarreko presidenteordeak iragarri duenez, Gobernuak txosten bat egitea eskatu dio Estatu Kontseiluari, Kataluniako Kontsulten Legearen eta deialdiaren dekretuaren kontrako helegitea aurkezteko helburuarekin.

Estatu Kontseiluak Batzorde Iraunkorraren bilera egingo du igande honetan Espainaiko Gobernuak eskatutako txostena prestatzeko. Kataluniako Kontsulten Legearen eta deialdiaren dekretuaren kontrako helegitea aurkezteko helburuarekin eskatu du Rajoyren exekutiboak txosten hori.

Estatu Kontseiluak txostena egin ostean, Ministroen Bilera egingo dute, Mariano Rajoyk helegitea aurkeztu dezan, Auzitegi Konstituzionalean.

Artur Mas galdeketa egiteko itxaropentsu agertu da

Auzitegi Konstituzionalak Kataluniako galdeketa geldiaraziko balu ere, azkenean debekua bertan behera uzteko itxaropena agertu du Artur Mas Generalitateko presidenteak.

TV3 telebista kateari eskainitako elkarrizketan adierazi du ez dakiela Justiziak zer erabakiko duen: "Gauza bat da geldiaraztea eta beste bat azkenean debekua altxatzea eta egiteko aukera izatea".

Legea etenda ere, Kataluniako Gobernuak galdeketaren prestaketa lanekin jarrai dezakeela azpimarratu du: "Etenda gelditzen bada, ez baliogabetuta, edozein momentutan aldatu daiteke erabakia.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena