Politika
Profila
Idoia Mendia, PSE-EEko kapitaina
I. Herce / O. Jauregi
27 urte zituenetik alderdikide, politikako lehen lerroan jarri da Euskadin. PSE-EEren buru den lehen emakumea da.
-
Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusia. EFE
Idoia Mendiak euskal sozialismoa zuzentzeko ardura hartu du, PSE-EErentzat une korapilatsuak diren garai hauetan. Pauso honen bidez, Mendia politikako lehen lerroan jarriko da Euskadin, eta PSE-EEren buru den lehen emakumea bilakatu da.
Mendia Deustun jaio zen, duela 49 urte. Abokatutzara eta politikara zuzendu du ibilbidea, eta hainbat ardura izan ditu PSE-EEren barruan. 27 urte zituenetik da Alderdi Sozialistako kide, zinegotzia izan da Barrikan, legebiltzarkidea gero, sailburu Patxi Lopez lehendakariarekin, eta, azkenik, PSE-EEko idazkari nagusi.
Lauro ikastolan egin zituen aurreneko ikasketak, eta geroago Deustuko Unibertsitatean Zuzenbidea ikasi zuen. Han, besteak beste, Xabier Arzallus eta Jose Maria Lidon epailea (ETAk hil zuen) izan zituen irakasle. Amsterdamen, Nazioarteko Harremanetan graduondoko ikasketak egin zituen, eta ingeles maila altua du.
Alfonso Gil Bilboko Udaleko PSE-EEren bozeramailearekin ezkonduta dago, eta bi seme-alaba dituzte. Hain zuzen ere, bigarren umeaz erditu zenean, Eusko Legebiltzarrean 2004ko aurrekontuak bozkatzeko osoko bilkura egon zen. Mendia ezin izan zen joan, eta Jaime Mayor Oreja eta Josu Urrutikoetxea iheslaria ere agertu ez zirenez, aurreikuspen guztien kontra, Ibarretxe lehendakariaren aurrekontuak onartu egin ziren.
PSE-EE Ajuria Enean izan zen legealdian, Idoia Mendia izan zen Patxi Lopezek zuzendutako Jaurlaritzaren aurpegi nagusi: Justizia Saila gidatzeaz gain, Jaurlaritzaren bozeramaile izan zen. Duela gutxi, bertan behera utzi behar izan ditu EiTBko Administrazio Kontseiluan zuen postua, alderdi barruan hartu duen zereginekin bateragarria ez zelako.
Patxi Lopezen eta Rodolfo Aresen konfiantzazkoa da Mendia, eta bere helburua Euskadin alderdiaren zuzendaritza berritzea du, Europako hauteskundeetan PSOEk porrota izan eta orduko idazkari nagusiak, Alfredo Perez Rubalcabak, alderdiko buruzagitzari uko egin ondoren. Mendiak Miguel Torres (Bizkaia), Cristina Gonzalez (Araba) eta Iñaki Arriola (Gipuzkoa) izango ditu lurraldeetako idazkari. Galdutako hautesleak berreskuratzea eta 2015eko udal eta foru hauteskundeei begira alderdia indartzea izango ditu erronka nagusiak.