19:24

Politika

Kataluniako kontsulta

Kontsulten legea onartu du Kataluniako Parlamentuak

Erredakzioa

CiU, ERC, ICV-EuiA, CUP eta PSCk arauari babesa eman diote. PPCk eta Ciutadansek, ostera, aurkako botoa eman dute. Aldeko 106 boto jaso ditu lege berriak (Ganberako bi herenak).

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Kataluniako Parlamentuak kontsulten legea onartu du gaur. CiU, ERC, ICV-EuiA, CUP eta PSC alderdiek legeari babesa eman diote. PPCk eta Ciutadansek kontrako botoa eman dute.

Herritarren parte-hartzerako eta kontsultarako legeak aldeko 106 boto jaso ditu Parlamentuan, hau da, Ganberaren bi herenek babesa eman diote.

Generalitateko Aldizkari Ofizialak (DOGC) argitaratzen duenean legea indarrean sartuko da. Ondoren, azaroaren 9ko kontsulta deitzeko dekretua sinatuko du Artur Mas presidenteak. Legediak kontsulta onartzen ez duela ohartarazi du Espainiako Gobernuak dagoeneko, "arauak direnak direlako". Joana Ortega Generalitateko presidenteordearen hitzetan, kontsulta "datozen orduetan edo egunetan" deituko du Masek.

Ganberako 135 diputatuetatik, 106k aldeko botoa eman dute, 28k kontrakoa eta parlamentari bat ez da saioan izan gaixorik zegoelako (Marta Llorens kristau-demokrata).

Kontsulten bigarren legea

Kataluniako Parlamentuak onartzen duen kontsulten bigarren legea da: 2010ean aurrenekoa onartu zuen, Jose Montillak (PSC) zuzendu zuen Gobernuaren azken legealdian, hirutariko bigarren Exekutiboan, hain zuzen ere. Kontsulta aurrera eramateko Estatuaren babesa beharrezkoa zela zehazten zuen aurreneko legeak, baina Jose Luis Rodriguez Zapateroren (PSOE) Gobernuak helegitea aurkeztu zuen Auzitegi Konstituzionalean.

Josep Rull (CiU) diputatuaren ahotan, kataluniarrek "lanabesik onenak izango dituzte nazioak erabaki ahal izateko", baina legea ez dute azaroaren 9rako espresuki egin.

Gemma Calvet ERCko diputatuak azaldu duenez, araua guztiz konstituzionala da eta Auzitegi Konstituzionalean helegiterik ez aurkezteko eskatu dio Gobernu zentralari. "Egun historikoa" dela erantsi du.

Santi Rodriguez PPko bozeramailearen ondokoak PSCri dei egin dio: "Jaramon egin. Huskeriak alde batera utzi eta 'ezetz' bozkatu". PPren kontrako botoa demokraziari 'baietz' esatea dela goraipatu du Rodriguezek.

Mas Parlamentuaren kanpoaldean efe

Artur Mas Generalitateko presidentea Parlamentura heldu denean. Argazkia: EFE

Elkarretaratzea

Bien bitartean, Parlamentuaren kanpoaldean independentziaren aldekoek eta kontrakoek elkarretaratzeak egin dituzte. Osoko bilkurako saioan, gonbidatuen tribunan, besteak beste, Muriel Casals (Omnium Cultural) eta Carme Forcadell (ANC) egon dira.

Carme Forcadell ANCko presidentearen esanetan, nahiz eta Espainiako Gobernuaren oposizioa izan eta Auzitegi Konstituzionalak betoa jarri "ez izan zalantzarik: azaroaren 9an bozkatu eta irabaziko dugu".

Era berean, Xavier Trias Bartzelonako alkatea, Salvador Esteve Bartzelonako Diputazioko presidentea, Josep Poblet Tarragonako Diputazioko presidentea, Joan Giraut Gironako Diputazioko presidentea, Josep Maria Alvarez UGTko idazkari nagusia eta Joan Carles Gallego CCOOko idazkari nagusia bertan izan dira.

Gobernuaren helegitea, berehalakoa

Masek erreferenduma deitzeari itxaron gabe, kontsulten legeari helegitea aurkeztea erabakita du Espainiako Gobernuak. Errekurtsoa Ministroen Kontseiluak onartu behar du eta Kataluniak ematen dituen pausoek Mariano Rajoyren Exekutiboaren egutegia baldintzatuko dute.

Parlamentuak kontsulten legea onartu eta gero, Generalitateko Aldizkari Ofizialean argitaratzea itxarongo du Espainiako Gobernuak.

Orduan, Exekutiboak helegitea aurkezteko prozedura martxan jarriko du. Cristobal Montoro Ogasun ministroak Estatu Kontseiluari txosten bat egitea eskatuko dio. Eskakizuna asteburuan egitea aurreikusita dute eta Estatu Kontseiluari abisua eman diote.

Estatu Kontseiluaren erantzun azkarra espero du Gobernuak. Txostena Montorori igorri eta Ministroen Kontseiluak ezohiko bilera egingo du.

Exekutiboak helegitea aurkeztea erabaki eta Rajoyk eskaera sinatuko du, Estatuko Abokatutzari emateko. Abokatutzak helegitea Auzitegi Konstituzionalean aurkeztu du.

Masek dekretua berehala sinatzen baldin badu, bi helegite aurkeztuko lituzke Espainiako Exekutiboak, bat kontsulten legearen kontra eta beste bat deialdiaren aurka.

Generailtateak hartu beharreko erabakien zain, Rajoy Txinara joan baino lehen, asteartean, helegitea aurkeztea espero du Gobernuak. Ministroen Kontseiluko ezohiko bilera asteburuan egitea ez du baztertu Exekutiboak.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena