Politika
Txostena
I.A. | EITB.EUS
Argituz elkarteak eskatuta eta Istanbulgo Protokoloan oinarrituta, 45 euskaldunen tortura lekukotzak ikertu ditu aditu talde batek. Salaketa guztiak 'sinesgarriak' direla da ondorio nagusia.
Txostenaren aurkezpena, gaur, Madrilen.
Albisteak (2)
'Inkomunikazioa eta tortura. Istanbulgo Protokoloan oinarritutako txostena' izenburupean, giza eskubideen defentsarako Argituz elkarteak ikerketa bat plazaratu du, gaur, Madrilen egin duen aurkezpenean. 45 euskaldunek 1982 eta 2010 artean jarritako tortura salaketak ikertu dituzte, denak ere terrorismoaren aurkako legea aplikatuz atxilotutakoak eta inkomunikazioaldian egondakoak. Sinesgarritasun maila neurtzeko, lekukotzak banan-banan aztertzea izan da txostenaren helburu nagusia. Horretarako, medikuen, psikologoen eta psikiatren azterketa zorrotzak egin dira, nazioarteko estandar zientifikoak oinarri hartuta. Istanbulgo Protokoloari jarraituz Espainiako Estatuan egiten den lehen ikerketa da honakoa. 2000. urtean onartu zituen Nazio Batuen Erakundeak protokolo horren irizpideak.
Ondorio nagusien artean nabarmenena tortura salaketen sinesgarritasunari dagokiona da: aztertu diren 45 kasuetatik, % 15ek sinesgarriak maila "sendoa" dute, % 31,1 "oso sinesgarriak" dira eta % 53,3 "erabat sinesgarriak". Jarritako salaketak ez direla "asmatutakoak" eta "egoera pertsonalak ikusita guztiz sinesgarriak" direla jasotzen du txostenak. Halaber, lekukotza horiek garbi erakusten dute, ikerketaren arabera, zuzenbide-estatu demokratiko batean onartezinak diren teknikak erabili zirela aztertutako 45 kasuen espetxealdietan.
30 osasun-adituk, batez ere, psikiatrak eta psikologoak, eta Espainiako Estatuko zortzi erakundek hartu dute parte ikerketan. Tortura kasuen inguruko datuak batzeko eta egiaztatzeko "arazo handiak" izan dituztela ere jasotzen da txostenean: "inkomunikazioaldiak tortura teknikak erabiltzea ahalbidetzen eta errazten du, eta inkomunikazioa berez ankerra, krudela eta umiliagarria da".
"Komenentziara egindako" txosten bezala jaso duten arren, sasoi ezberdinetako tortura kasuak aztertu dituzte, elkarrengandik urrun dauden militantziekin lotutakoak eta segurtasun-indar guztiak daude inplikatuta, aztertutakoen artean.
Atxiloaldietan erabilitako teknikei dagokienez ikertzaileek ondorioztatu dutenez, "erabilitako teknika psikologikoen irekitasunak eta tekniken arteko uztardurak garbi azaleratzen dute segurtasun-indarrek adituen instrukzioak jaso izan dituztela". Tortura fisikoak, arrastoa uzten dutenak, geroz eta gutxiago erabiltzen direla ere esan dute ikertzaileek, baina "nortasuna desegituratzen duten tortura teknika psikologikoek" indarra hartzen dutela gaineratu dute.
Ikerketarako erabili den metodologia zientifikoak nazioarteko erakundeen babesa jaso du. Azterketak egiteko, adituei txosten independenteak eskatu zaizkie, bana-banakoak, ahalik eta ikerketa objektiboena izan zedin.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa