10:23

Politika

Hiru orduko bilera

Urkullu eta Rajoy bildu egin dira, baina ez dute 'aurrepausorik' eman

eitb.eus

Bi agintariak hiru orduz batzartu dira astelehen honetan, Moncloako jauregian.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Iñigo Urkullu lehendakariak eta Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak bilera egin zuten atzo Moncloako jauregian. Bilera diskrezioz egin zuten, eta hiru ordu iraun zuen.

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozermailearen esanetan, bileran ez da "aurrerapauso adierazgarririk" eman Gasteizko Gobernuaren aldarrikapenetan.

Horren esanetan, Urkulluk "ziaboga bat" eskatu dio Rajoyri, Euskadiren aurrean erakusten politikari dagokionez.

Gobernu Kontseiluaren ostean egindako agerraldi batean, lehendakariak bi gobernuen arteko harremanetan "aldaketa erradikala" eman behar dela esan duela azaldu du Erkorekak. "Akordioen unea da, hitzetatik ekintzetara pasatu behar da", gaineratu du.

Horren ildotik,"estatu-politika bat adosteko" deia egin dio lehendakariak Espainiako Gobernuko presidenteari, "bakea errotzeko". ETAren erabakia "atzeraezina" dela jakiteko "denbora nahikoa" pasatu dela uste du agintariak, eta, horregatik, hiru zutabeko proposamena helarazi dio Rajoyri: ETAren desarmea egiaztatzea, presoak gizarteratzeko 'Hitzeman' programa eta Terrorismoaren Biktimen aldeko Memoriala.

Ekonomiaren arloan, Kupoaren inguruko desadostasunak konpontzea eta Abiadura Handiko Trenarekiko konpromisoari eustea eskatu du Urkulluk.

Eta autogobernuari dagokionez, Gernikako Estatutua guztiz garatzearen alde egin du Gasteizko gobernuburuak, Espainiakoaren aurrean. Horretarako, transferitu gabeko eskuduntzak eman beharko lituzke Moncloak.

Bileraren negoziazioa

Urkulluk gutun bat igorri zion Rajoyri uztailean, bilera bat egiteko interesa helarazteko, eta Espainiako Gobernuko presidenteak abuztuaren 20an erantzun zion, baiezkoa emateko.

Orduan, baina, ez zuten datarik zehaztu, eta azken asteetan EAJk kritikatu egin du bilera oraindik egin ez izana.

Azkenean, atzo bildu ziren, hau da, Kataluniako Diadan kataluniarrek kontsulta babestu eta egun batzuetara eta Eskoziako erreferendum independentista egin baino bi egun lehenago.

Uztaileko gutunean, Urkulluk hainbat gairen inguruan "hausnartu" behar dutela adierazi zion Rajoyri, eta bakea eta normalizazioa, autogobernua eta Estatu eredua, eskuduntzak, Kupoa, Kontzertu Ekonomikoa eta azpiegiturak aipatu zituen.

Bosgarren bilera

Atzokoa lehendakari denetik Urkulluk Rajoyrekin egindako bosgarren bilera izan zen.

Lehena iazko urtarrilaren 30ean egin zuten. Apirilaren 10ean berriz batzartu ziren, baina handik eta egun batzuetara jakinarazi zuten. Urte horretan bertan, uztailaren 15ean ikusi zuten berriz elkar.

Azkena aurtengo otsailaren 4an izan zen, eta ETAren amaiera aztertu zuten bilera hartan.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena