Politika
Auzitegi Nazionalean
Erredakzioa
Victoria Alvarezek, Ferrusolaren bikotekide ohiak, ostera, kontratu publikoen esleipenean bitarteko lanak egiteagatik legez kanpoko gainsoldatak kobratu zituela "bistakoa" dela ziurtatu du.
Albisteak (3)
Esleipen publikoetan bitarteko lanak egiteagatik gainsoldatak jaso dituenik ukatu du Jordi Pujol Ferrusolak epailearen aurrean. Horrela, enpresen eskutik jaso zituen diru kopuruak benetako lanen truke kobratu zituela defendatu du Ferrusolak, nahiz eta Poliziak kontrakoa esan.
Victoria Alvarezek, Ferrusolaren bikotekide ohiak, aldiz, kontratu publikoen esleipenean bitartekotza lanak egiteagatik Pujolen semeak legez kanpoko gainsoldatak kobratu zituela "bistakoa" dela ziurtatu du.
"Ez nik esaten dudalako, Udefen txosten batek hori diolako baizik", adierazi du Alvarezek.
Pujolen deklarazioari erreferentzia eginez zera esan du Alvarezek: "Asko geratzen da oraindik; gaurkoa bataila txikitxoa baino ez da izan".
Aske, inolako neurririk ezarri gabe
Kataluniako Generalitateko presidente ohiaren seme nagusia Auzitegi Nazionaletik atera da inolako neurririk ezarri gabe, bost orduz deklaratzen eman eta gero, Pablo Ruz ANren epailearen aurrean. Ruzek "legez kanpoko komisiorik" jaso ote zituen galdetu dio, kontratu publikoak esleitzearen truke eta ustezko aholkularitza lanen itxura emanda.
5 zenbakiko Instrukzio Auzitegi Zentraleko titularrak ia esklusiban erabili du deklarazioan emandako denbora; izan ere, bost orduetatik lau orduz egin ditu galderak, auzitegiko iturriek esan dutenez. Deklarazioa bukatutakoan, ez Ustelkeriaren kontrako Fiskaltzak ezta Estatuaren Abokatutzak ere ez dute badaezpadako neurririk ezartzea eskatu; hori dela eta, inputatuak epaitegitik alde egin du, bisitatxoa egin barik.
Jordi Pujol Ferrusola Auzitegi Nazionaletik ateratzen. Argazkia: EFE
Era berean, Merce Girones Ferrusolaren emazte ohia aske geratu da inolako neurririk ezarri gabe. Epaileak Girones bi orduz galdekatu du.
Jordi Pujol Ferrusola, Kataluniako Generalitateko presidente ohiaren semea, taxi batean heldu da Auzitegi Nazionalera, deklaratzen hasi baino ordu erdi lehenago.
Trajea eta eguzkitako betaurrekoak jantzita zeramatzala sartu da Auzitegian, 09:30 jotzear zirenean, Cristobal Martell abokatuarekin eta beste pertsona batekin batera.
Pujol Ferrusola, seme-alaben artean zaharrena, inputatu gisa deklaratzera deitu dute gaur Auzitegi Nazionalera, Andorran dirua ezkutatzea egotzita. Hain zuzen ere, dirua zuritzea eta delitu fiskalak leporatu dizkio Pablo Ruz epaileak.
Alvarezen salaketa
Auziak 2013. urteko urtarrilean du sorburua. Orduan, Pujolen semearen bikotekide ohi batek, Victoria Alvarezek, salaketa bat aurkeztu zuen horren aurka.
Poliziak eta Espainiako Zerga Agentziak ikerketa abiatu zuten, eta Pujol Ferrusolak hainbat paradisu fiskaletara 32 milioi euro desbideratu zituela ondorioztatu zuten. Txosten horiek oinarri hartuta inputatu zuen Ruz epaileak.
Poliziaren arabera, Pujol Ferrusolak komisioak kobratzen zizkien enpresei, kontratu publikoak emateko.
Jordi Pujol aitak 34 urtez atzerrian dirutza ezkutatu izan duela aitortu zuen udan. Horren aurrean, Manos Limpias sindikatuak salaketa aurkeztu zuen, eta Bartzelonako instrukzioko 3. epaitegiak onartu egin zuen.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa