16:25

Politika

Prentsaurrekoa

EH Bildu, Urkulluri: Espainia da Eskozia eta Kataluniaren arteko aldea

Erredakzioa

Koalizioak urte politikoari  hasiera emateko erabiliko duen ekitaldia aurkeztu du; Donostian egingo dute, irailaren 6an.

0:43
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

EH Bilduk ostiral honetan esan duenez, Kataluniak eta Eskoziak eredu bera aukeratu dute erabakitzeko eskubideaz baliatzeko, eta bi kasu horien arteko aldea Erresuma Batuko eta Espainiako gobernuetan dagoela: "Erresuma Batuan, erabakia eskoziarren esku utzi dute; Espainiako Gobernuak ez du borondate demokratikorik".

Horrela erantzun dio koalizioak Iñigo Urkulluri. Izan ere, lehendakariak, ostegunean, Eskoziako erreferendumaren ereduaren alde egin zuen, "bi gobernuen arteko akordioak sortua izateagatik", eta esan zuen EAEk horri begiratu ahal diola.

Maribi Ugarteburu EH Bilduren bozeramaileak eta Maiorga Ramirez parlamentariak prentsaurrekoa eman dute Bilbon, koalizioak urte politikoari hasiera emateko erabiliko duen ekitaldiaz hitz egiteko. Donostian egingo dute, irailaren 6an.

"Borondaterik eta egintzarik ez"

Ugarteburu atzo Urkulluk esandakoaz aritu da, eta esan dio Espainian ez dagoela "Eskoziako eredua garatzeko moduko Estatu bat", eta ez duela ematen "etorkizunean egongo denik". Horren aurrean "ez ikusiarena egitea borondaterik ez izatea da, eta Urkulluren gelditasuna islatzen du", esan du.

Nabarmendu duenez, borondaterik ez izate horren ondorioz ezin izan du Kataluniak Eskoziako bideari eutsi; hala ere, Kataluniako ordezkari politikoek aurrera jarraitzea erabaki dute, kontsultarekin, zehaztu du.

Egoera horren aurrean, EH Bilduk "Euskal Herria eredua" eskaini nahi dio gizarteari; urrats praktikoetan garatu ahal den erabakitzeko eskubidean oinarritutako bidea da. Urrats praktiko horiek, Ugartebururen arabera, arlo guztietako egunerokoan eman beharko lirateke: lanean, hezkuntzan, osasunean… Eta bizikidetasuneko akordioa “partekatua, eta ez alderdikoia” izan beharko litzateke.

"Dena doa erabakitzeko eskubideari lotuta", esan du. Bere ustez, Euskadik ez du krisialdia gaindituko aipatutako eskubide hori izan gabe.

Irailaren 6ko ekitaldia

Irailaren 6an egingo duten ekitaldi politikoaren inguruan, jakinarazi du mintegi bat izango balitz bezala dagoela antolatuta; bertan, EH Bilduk 2014-2015erako izango duen plangintza zehaztuko dute.

"Estatu espainiarraren inposizioa, errepresioa, eta ezezkoa" gainditzeko formulak aztertuko dituzte, "euskal gizartearen erabakian oinarritutako bidea egin ahal izateko".

Proposamen ekonomiko eta sozial “desberdinak” egingo dituzte, egun abian daudenak ez bezalakoak, eta hurrengo udal eta foru-hauteskundetarako eskaintza ere prestatuko dute.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena