14:33

Politika

2014ko Diada

Diadaren ekitaldia, independentismoarentzako leku enblematiko batean

Erredakzioa

Artur Masek Fossar de les Moreresen egingo du lore-eskaintza, independentistek euren omenaldietarako erabiltzen duten tokian. Irailaren 10era aurreratuko dute aurten.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Diadaren ekitaldi instituzionala irailaren 10ean egingo dute aurten, ez 11n bertan, eta Fossar de les Moreres leku enblematikoan izango da. Independentistek hor egiten ohi dituzte euren omenaldiak; Diadan lore-eskaintza bat egingo du Artur Mas Kataluniako presidenteak.

Francesc Homs Presidentetzaren kontseilariak eta Luis Maria Corominas Kataluniako Parlamentuaren presidenteorde bigarrenak aurkeztu dute ostegunean, prentsaurrekoan, Diadaren ekitaldi instituzionalak. Aurtengo irailaren 11 "berezia" izango dela nabarmendu dute; izan ere, 1714ren hirurehungarren urteurrenarekin bat egingo du.

Beste urteetan ez bezala, ekitaldi nagusia ez dute Zitadelako parkean egingo 11n bertan; bezperara aurreratu dute eta Fossar de les Moreres toki sinbolikoan egingo dute. Hor "traidoreak ez dira hemen lurperatzen" mezua dago idatzita, eta leku horretan egiten dituzte independentistek euren omenaldiak. "Aurtengoa bezalako urte batean, erabateko zentzua du", lore-eskaintza bertan egiteak, Homsek nabarmendu duenaren arabera.

1714an gertatutakoaren 300 urteak gogorarazteko ekitaldia

Fossar de les Moreresen egingo duten lore-eskaintza amaituta (Kataluniako Gobernua eta Parlamentuaren Mahaia egongo dira ordezkatuta bertan), ekitaldi instituzionalak Lonja de Marren jarraituko du. Hor, 1714an gertatutakoaren 300 urteak gogorarazteko ekitaldia egingo dute, "testua eta musika" elkartuko dituena.

Gauean, "Gau Zuria" egingo dute. Ribera eta Gotico auzoetan eta Zitadelako parkean antzerki eta dantzako saioak egingo dituzte.

Irailaren 11rako ekitaldiak

Diadaren eguna, irailaren 11, Zitadelako parkean hasiko da. Bertan, 300 biolontxelo-jotzailek "Eramos, somos y seremos" (Baginen, bagara eta izango gara) abestia joko dute. Horren partitura Diada honetarako sortu dute eta Artur Mas ere bertan egongo da.

Musika-lan hori jotzeak, Homsen esanetan, "jarkitzeko gaitasuna sinbolizatzen du. Uste dugu guztiontzako mezu interesgarria izan ahal dela".

Gero, Kataluniako Gobernuak eta Parlamentuko Mahaiak Rafael Casanovaren omenezko monumentuan egingo dute ohiko lore-eskaintza. Eremu desberdinetako alderdi politikoek eta erakundeek hartuko dute parte ekitaldi horretan.

Kataluniako Gobernuaren Jauregian eta Parlamentuan ateak zabalik egongo dira, hiritarrek bi erakunde horiek ezagutu ahal izateko.

Lehenago, irailaren 9an, Parlamentuaren Mahaiak Josep Carreras tenoreari emango diote ohorezko domina, bi arrazoirengatik: egindako ibilbide profesionalarengatik, eta leuzemiaren aurkako borrokan erakutsitako elkartasunarengatik.

Diada "desberdina" eta "berezia"

Homsek eta Corominasek nabarmendu dute Diada hau "desberdina" eta "berezia" dela. Hori dela eta izango ditu ekitaldi desberdinak. Homsen arabera, "ikuspuntu eta aukera guztiei zuzenduta dago", eta uste du inork ez lukeela ospakizunetatik "baztertuta" sentitu behar: "Uste dut hiritar guztiak, ideologia guztietakoak, gonbidatuta sentitu ahal direla", azpimarratu du.

Ildo horretan, esan du "desmarkatu nahi dutenek" euren arrazoiak ezagutuko dituztela, baina guztiak errespetuz tratatzen saiatu gara”. Corominasek, gainera, jendeari Diadan parte hartzeko deia luzatu dio, "jai girokoa" izan dadin, baina baita erreibindikatiboa, "herrialde bezala garenagatik, eta gure burujabetasunaren eta gure askatasunen defentsan".

Espainiako Gobernuak helegite bikoitza aurkeztuko du Konstituzionalean

Kataluniako gaiarekin lotuta, Espainiako Gobernuak bi helegite aurkeztuko ditu Auzitegi Konstituzionalaren aurrean: bata, galdeketa deitzeko dekretuaren kontra, eta, bestea, galdeketa legearen aurka. Espainiako Gobernuaren helegiteez galdetuta honakoa adierazi du Francesc Homsek: "Gobernuak badaki Auzitegi Konstituzionalak zenbat denbora behar duen erabaki bat hartzeko eta, hori dela eta, harrituta nago. Ikusiko dugu zer gertatzen den". Bestalde, Alicia Sanchez Camacho Kataluniako Alderdi Popularreko buruak bi helegiteak astebeteko epean aurkeztuko direla aurreratu du, hain zuzen ere, Kataluniako Parlamentuak Galdeketa Legea onartu eta gero.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena