11:01

Politika

Donostian

Jaurlaritzak gaur eman dio hasiera kurtso politikoari

Erredakzioa

Estatus politiko berri baten inguruko eztabaidak, Eskoziako erreferendumaren aurreko egunetan eta Katalunian aurreikusita duten kontsultatik gertu, eta ekonomiak, kurtso politikoa markatuko dute.

  • Urkullu eta Jaurlaritzako sailburu guztiak, Miramar Jauregian. Argazkia: Irekia.

    Urkullu eta Jaurlaritzako sailburu guztiak, Miramar Jauregian. Argazkia: Irekia.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Eusko Jaurlaritzak ostegun honetan ekin dio berriro kurtso politikoari, udarako oporren ostean, ohiko batzorde-bilera eginez Miramar Jauregian, Donostian.

Iñigo Urkullu lehendakariak eta haren taldeak kurtso politiko berriko lehen bilera 10:30ean izan dute, lurraldeko agintariekin ohiko familia-argazkia atera eta gero.

Urkulluk agerraldia egingo du gero komunikabideen aurrean, hitz egindako gaien berri emateko.

Estatus politikoak eta ekonomiak markatuko dute urtea

Hastear dagoen kurtso politiko berria, zalantzarik gabe, Euskadirentzako estatus politiko berri baten inguruko eztabaidak, Eskoziako erreferendumaren aurreko egunetan eta Katalunian azaroaren 9rako aurreikusita duten kontsultatik gertu, eta ekonomiak markatuko dute.

Jaurkaritzak bere jarduera berreskuratzean, ikuspegi ekonomikoek hobera egin dute, legegintzaldiaren erdian, Iñigo Urkullu lehendakariak zenbait aldiz iragarri zuenez.

10:00etan helduko dira Miramar jauregira Jaurlaritzaren kideak eta Gipuzkoako agintariak, eta 10:15ean jasoko dute lehendakaria, jarraian “familia argazkia” Jauregiaren ondoan egiteko. Gero, 10:30ean, bilera hasiko da; ordubete geroago, Iñigo Urkulluk horren berri emango du komunikabideen aurrean.

Exekutiboaren ordezkariek egoera politikoa eta ekonomikoa aztertuko dituzte, eta kurtso honetan aurrean dituzten erronkez ere mintzatuko dira. Mahai gainean, zenbait gai izango dituzte: krisialdia, oraindik indarrean nahiz eta aurreikuspenek hobera egin duten; bakea eta elkarbizitzaren sendoketa, ETAren behin betiko desarmearen zain, eta presoen arloan egon litezkeen mugimenduei begira; eta autogobernua.

Lehen Gobernu bilera, gainera, Mariano Rajoy Espainiako presidenteak Iñigo Urkulluri erantzuna eman gabe egingo dute. Izan ere, Urkulluk uztailean eskatu zuen hitzordua, Espainiako presidentearekin, baketzeaz eta kartzela-politikaz hitz egiteko eta balizko “Estatu politika” bat adosteko aukeraz. Gainera, euskal autogobernuari eragiten dioten zentralizazio arazoetaz ere hitz egitea nahi du lehendakariak.

Besteak beste, Kupoaren likidazioa, Kontzertu Ekonomikoaren Legearen berriztapena, eskualdatzeko pendiente dauden eskumenak, adostutako azpiegiturak –AHT, adibidez- edo Forondako aireportua dituzte esku artean.

Autogobernu lantaldea

Politika Orokorreko Osoko Bilkura Legebiltzarrean irailaren 24an edo 25ean egin aurretik (Urkulluk Jaurlaritzaren lerro estrategikoak finkatuko ditu bertan), hilabete horretako 17an agerraldiak izango dira Autogobernu lantaldean. Foro horretan, Jaurlaritzak espero du adostasuna lortzea alderdien artean, estatus juridiko eta politiko berria erdiesteko.

EAJren, EH Bilduren, PSE-EEren, PPren eta UPyDren artean badaude alde handiak, dagoeneko; 2015ean egingo dituzten udal eta foru-hauteskundeek, gainera, zailago egingo dute adostasuna lortzea.

Dena dela, une horietan, estatus berri baten inguruan eztabaidatuko dutenatik kanpo, ez da posible izango asko aurreratzea. Izan ere, adituen agerraldiak urte osoan zehar egingo dituzte.

Baliteke EH Bilduk, lantaldearen erritmoarekin pozik ez dagoenez, EAJren gaineko presioa areagotzea; hórrela, eta hauteskundeak hurbil daudela kontuan izanda, AEJren hitzaldiak subiranotasunaren aldeko joera har lezake.

2015eko aurrekontuak

2015eko aurrekontuak aurrera ateratzeko beharrezkoa den babesa lortzea ere izango du erronka Eusko Jaurlaritzak. PSE-EE, gainera, trantsizio garaian dago; irailaren 20an eta 21ean egingo duten ezohiko kongresuan zuzendaritza aldatu behar izango dute.

Baliteke Patxi Lopez Idoia Mendiak ordezkatzea, eta, horren ondorioz, PSEk iaz EAJrekin sinatu zuen akordioaren inguruko hausnarketa bat egon liteke. PSE-EEk, azken hamaika hilabeteetan, adostutako plan batzuk oso geldo doazela esan du; hala ere, badirudi sozialistek ez dute hausturaren aldeko apustua egiten, eta oposizio konstruktiboaren alde daudela.

Baliteke Mendiak Politiko Orokorreko Osoko Bilkuran bere alderdiak jarraituko dituen jarraibideak jakinaraztea. Ez dago argi Lopezek, une horretan, bere jesarlekuan jarraituko duen. Eta posible da, halaber, EH Bilduk hautatua izatea, ordurako, Legebiltzarreko bere bozeramailea; izan ere, Laura Mintegik irailean utziko du kargu hori bera.

Memoriaren Institutuaren lege-proiektua ere aztertu beharko du Legebiltzarrak. Eztabaida irailaren 5ean berreskuratuko dute.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena