12:12

Politika

Bilera Santiagon

Rajoyren erreformei esker egoerak hobera egin duela esan du Merkelek

Erredakzioa

Rajoyk ere egindako erreformen emaitzak ikusten hasiak direla esan du. Horietatik asko Alemaniarekin "elkarlanean" martxan jarri dituztela ere gogoratu du Espainiako presidenteak.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Rajoyren Gobernuak martxan jarritako erreforma "zail eta gogorrei" esker Espainiako egoera ekonomikoak hobera egin duela goraipatu du gaur Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak.

Rajoyrekin Santiagon bilera egin ondoren agintari biek egin duten agerraldian, PPren Gobernuak "Espainiako etorkizuneko oparotasunaren oinarriak" jarri egin dituela azpimarratu du Merkelek.

Rajoyk ere egindako erreformen emaitzak ikusten hasiak direla esan du. Horietatik asko Alemaniarekin "elkarlanean" martxan jarri dituztela ere gogoratu du Espainiako presidenteak.

Merkelek azken lau hiruhilekoetan Espainiak izan dituen "emaitza onak" nabarmendu ditu eta, norabide horretan, Espainiari lagundu egingo diola berretsi du.

"Azken lau hiruhilekoetan hazkundea izan da Espainian, Mariano Rajoyren Gobernuak aurrera ateratako erreforma zail eta gogorrei esker", esan du.

Bestalde, azken hiruhilekoan Alemaniako BPGk izan duen jaitsierari garrantzia kendu dio Merikelek. Egutegiaren arrazoiak eta nazioarteko gatazka ezberdinei egotzi die, eta 2014. urtean emaitza "onak" izango dituztela aurreikusi du Alemaniako agintariak.

Alemaniak De Guindosen hautagaitza babestuko du

Bestalde, Alemaniak Luis de Guindosen hautagaitza babestu egingo duela iragarri du Angela Merkelek, eurotaldeko hurrengo presidentea izateko. Merkelen hitzetan, De Guindos "Ekonomia ministro bikaina" izan da "garai zailetan".

Ekonomiako arduradunaren trebakuntza goraipatu du Rajoyk eta, bestalde, Jean Claude Juncker Europar Batzordeko presidenteari Miguel Arias Cañete komisario izateko proposamena igorri diola gogoratu du.

Protestak kanpoaldean

Angela Merkelek Santiagora egin duen bisitak eta Europar Batasunean egindako murrizketek eragindako protestan zauritu ugari izan dira, Poliziaren oldarraldi batean, manifestariak Quintanatik Obradoiro Plazara sartzen saiatu eta gero.

Horrela, Polizia Nazionaleko agenteek martxaren aurreko manifestarien kontra egin du, tartean Ruben Cela Santiagoko BNGren bozeramalea zegoen, eta zenbait kazetari ere estutu dituzte istiluak iraun duen bitartean.

Liskarrak CIG eta beste kolektibo batzuek deitutako martxarekin bat egiteko asmoz emigrante talde bat Praza da Quintanara sartzen saiatu denean hasi dira. Horren ondorioz, manifestatzen ari zirenek beste protestariekin elkartzea erabaki dute eta Obradoirorantz abiatu dira.

 

Donejakue bidea eta Katedrala

Rajoy eta Merkel Galizian Merkel atzo iritsi zen Galiziara eta, Rajoyrekin batera, Donejakue bideko bost kilometroko ibilbidea oinez egin zuten, alboan itzultzaile bana zutela, eta lagun arteko giroan. 

Merkelek Obradoiro plazan lo egin du, eta bertara dozenaka herritar joan dira, Alemaniako kantzilerra ikustera. Protestak ere izan dira Merkel bertara iritsi denean. 

Afaltzera ere elkarrekin joan ziren Rajoy eta Merkel, eta gaur goizean bilera egin eta prentsaurrekoa eskaini ondoren, Santiagoko katedrala ere bisitatuko dute agintari biek. 

Espainiaren eta Alemaniaren arteko harreman politikoak onak dira gaur egun eta Merkelek eredu gisa jarri nahi du Espainia, Troikaren aginduak zintzo bete dituelako ekonomiaren atzeralditik irtetzen saiatzeko.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena