13:13

Politika

AHT gelditzeko eskatu dute

EH Bildu: 'Ergelkeria politikoari eginiko monumentua da AHTa'

Erredakzioa

Abiadura Handiko Trena egiteko "milaka milioi euro xahutu izana" leporatu dio EH Bildu koalizioak Eusko Jaurlaritzari.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

EH Bilduk Abiadura Handiko Trena (AHT) bezalako "ergelkeria politikoari eginiko monumentuan milaka milioi euro xahutzeari uztea" eskatu du gaur. Horrekin batera, "proiektu zentzugabe hau" geldiarazteko "premiazko eskaria" egin dio Eusko Jaurlaritzari.

Oskar Matute EH Bilduko legebiltzarkideak egin ditu adierazpen horiek Donostian egindako prentsaurreko batean. Bertan, Iñigo Urkulluren Gobernua kritikatu du: "Aurrera doa inora ez doan trena eraikitzeko helburuan. Izan ere, Abiadura Handiko Trenaren helmuga bakarra diru publikoa xahutzea dela ematen du".

Obra horietan "izan diren istripu zein garestitze guztiak" salatu ditu Matutek, eta Zumarragako (Gipuzkoa) tunela egiteko lanetan izandako "hamaikagarren ezbeharra" jarri du horren adibide. Izan ere, horren hitzetan, "trenbidearen zati hau proiektuaren eredu bihurtu nahi dute, baina kaosaren eta dirua xahuketaren eredu izateko bidean dago".

Matuteren esanetan, azken berrien arabera, tuneleko obrak gutxienez beste lau hilabetez luzatuko dira gertatu berri diren lurjausien ondorioz. Horrekin batera, istripu horiek langileak arriskuan jarri dituzten edo ez galdetu du; izan ere, obrak hasi zirenetik "gutxienez sei izan dira lanean hildakoak eta dozenaka zaurituak".

"Trenbidearen zati honetako metro bakoitzak 35.000 euroko kostua dauka, eta badirudi, ibilbidearen zati hau diru publikoa irentsiko duen putzu handia dela", azpimarratu du Matutek. "Horiek dira herritarrentzat datu eskandalagarriak, eta ez alkate arrazista batek egin ahal dituen adierazpen faltsuak", gaineratu du.

Horren aburuz, badirudi ibilbidearen zati hau, "guztira 6.000 milioi euroko kostua" izango duena, "gero eta gehiago" garestitzen joango dela, "proiektu osoa bezala". Bitartean, osasun sistemako sindikatuak Lehen Arretan eta ospitaleetako oheetan murrizketak egin direla salatzen ari direla nabarmendu du: "Osakidetzak ukatu egin du hala izatea, baina benetako datuen berri dugunean onartu beharko dute, dagoeneko jakin baitugu ekainetik uztailera ia 500 ohe murriztu zituztela ospitaleetan".

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena