Politika
Ustezko azpikeria PP-n
Ruzek 45 inputatu epaituko ditu 'Gurtel auzia'n, tartean Barcenas
Erredakzioa
Ikerketaren zati bat bukatuta, epaileak autoa egin eta sarearen "lehenengo garaitik" bereizi du.
Pablo Ruz Auzitegi Nazionaleko epaileak 'Gurtel' auziko zati baten ikerketa bukatu du eta 45 pertsona epaituko ditu, horien artean Luis Barcenas Alderdi Popularraren diruzain ohia; Alberto Lopez Viejo Madrilgo Erkidegoko Kiroletako kontseilari ohia eta Francisco Correa eta Pablo Crespo sarearen ustezko buruzagiak, zenbait enpresariez gain.
Gainera, Alvaro Lapuerta PPren diruzain ohia Angel Sanchez Aliantza Popularraren finantzen arduraduna; Guillermo Ortega eta Jesus Sepulveda Majadahonda eta Pozuelo de Alarcongo alkate ohiak -hurrenez hurren- eta Jesus Merino diputatu ohia. 45 inputatu horietatik, 21 zati honi lotuta epaituko dituzte, eta beste 24 auzi nagusian, edo bereizitako beste batzuetan epaituko dituzte.
Epaileak gaur, asteartean, egindako autoan, sarearen "lehenengo garaitik" bereizitako beste auzi bat zabaldu du, eta honetan Madrilgo Erkidegoan, Gaztela Leonen eta Esteponako Udalean (Malaga) 1999 eta 2005 urte bitartean egindako delituak aztertuko dituzte. Ruzek, hortaz, Boadilla del Monte, Arganda del Rey eta Alcala de Henares udaletako operazioak baztertu ditu, han 2005 ondoren ere jardun zirelako.
Gainera, Instrukzio 5 zenbakiko Auzitegiko Epaitegiaren titularrak auzian azaltzeko proposatu dio PPri,Ortega eta Sepulvedaren kontra egotzitako delituak dela eta; izan ere, epailearen arabera, baliteke alderdiari 236.864 euroko irabaziak lortzea.
Halaber, epaileak Madrileko, Majadahondako eta Pozuelo de Alarcongo udalei ere azaltzea proposatu die, euren agintariek eginda "kalteengatik" kontuak eskatzeko.