19:33

Politika

Bateragune auzia

Konstituzional zatitu batek Otegi kartzelan mantentzea erabaki du

Erredakzioa

Horrela, Batasunako bozeramaile ohia espetxean egon beharko da 2016ra arte. Babes errekurtsoaren aurkako botoa eman dute zazpi magistratuk, eta aldeko botoa bostek soilik.

0:55
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Arnaldo Otegiren helegitea atzera bota du Auzitegi Konstituzionalak Bateragune auzian. Batasunako bozeramaile ohiak babes errekurtsoa aurkeztu zuen sei urte eta erdiko espetxe-zigorraren aurka. Auzitegi Nazionalak zigortu zuen Bateraguneren bidez Batasuna berregituratzen saiatzeagatik.

Iturri juridikoek jakitera eman dutenez, Otegiren babes helegitearen aurkako botoa eman dute zazpi magistratuk, eta bostek aldeko botoa eman dute bakarrik.

Otegi 2009an espetxera bidali zuten, Miren Zabaleta, Arkaitz Rodriguez Torres eta Sonia Jacinto Garciarekin batera. Otegiren helegitearekin bat egin zuten hirurek.

Zigortuen inpartzialtasun judizialaren eta errugabetasun presuntzioaren eskubideak urratu ez dituztela azaldu du epaiak. Adela Asua Auzitegiko presidenteordea, ostera, ez da iritzi berekoa. Asuaren ustez, zigortuak froga biribilik gabe talde terroristako kide izateagatik espetxeratu zituzten.

Era berean, Juan Antonio Xiol, Encarnacion Roca, Fernando Valdes Dal-Re eta Luis Ignacio Ortega zigorra baieztatzearen aurka azaldu dira. Francisco Perez de los Cobos Auzitegiko presidentea zigorra mantentzearen alde agertu da.

Narvaez errefusatzeko eskaera

Aldez aurretik, Konstituzionalak baztertu egin du Arnaldo Otegik Antonio Narvaez epailea errefusatzeko aurkeztutako eskaera.

Konstituzionalaren arabera, Otegik aurkeztutako babes errekurtsoaren eta Narvaezen arteko "loturarik ez dagoela bistakoa" da; izan ere, epailea Auzitegi Goreneko fiskala izan zen Sortu legez kanpo uzteko prozeduran, 2011n.

Narvaez magistratua babes errekurtsoaren erabakitik at uzteko Otegik erabilitako argudioa hura izan zen.

Espetxetik ateratzeko bi eskaera

Otegi espetxetik ateratzeko bi eskakizun errefusatu ditu Konstituzionalak dagoeneko.

Doktrina aplikatu eta Otegi espetxean jarraitzea erabaki zuen Auzitegiak 2013ko ekainean. Horrela, bost urteko kartzela-zigorra gainditzen duten auzietan zigorra bertan behera uzterik ez dagoela erabaki zuen. Iragan maiatzean, bigarren eskakizuna atzera bota zuen Konstituzionalak, "delitu larria delako" eta sententzia "berehala" plazaratu behar zutelako.

Espetxetik ateratzea eskatu zion Otegik Konstituzionalari bigarrenez, helegitea ebatzi bitartean. Zigorra bertan behera uztea eskatu zuen, espetxealdiaren hiru laurdenak bete dituela argudiatuta.

2013ko azaroan, Arnaldo Otegik eta Rafa Diezek aurkeztutako babes helegiteak arbuiatu zituen Konstituzionaleko Fiskaltzak. Baltasar Garzon epaileak Otegi espetxera bidali zuen 2009ko urrian. Auzitegi Nazionalak hamar urteko kartzela-zigorra ezarri zion, baita Usabiagari ere, baina Konstituzionalak zigorra sei urte eta erdira murriztu zion 2012ko maiatzean.

Era berean, Rafa Diez Usabiaga LAB sindikatuko idazkari nagusi ohiak babes helegitea aurkeztu zuen, baina Konstituzionaleko osoko bilkurak ez du oraindik aztertu. Erabakia irailean jakitera eman dezakete.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea:
  • Arnaldo Otegi

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena