Politika
Idazkari nagusi berria
Erredakzioa
Botoen % 48,6 eskuratu du, Madinaren (% 36,19) eta Perez Tapiasen (% 15,12) aurretik.
Albisteak (5)
Bideoak (1)
Informazio gehiago (1)
Pedro Sanchez PSOEren bosgarren idazkari nagusia izango da uztailaren 26an eta 27an sozialistek egingo duten Kongresutik aurrera.
Sanchezek irabazi du PSOEk idazkari nagusia hautatzeko lehenengo aldiz egin dituen militante guztiei irekitako bozketa, eta uztaileko Kongresuan PSOEko ordezkariek erabakia berretsiko dutela espero da.
Pedro Sanchezek hartuko du, beraz, Felipe Gonzalezek lehenik, Joaquin Almuniak gero, Jose Luis Rodriguez Zapaterok ondoren eta Alfredo Perez Rubalcabak azkenik izan duten ardura.
Botoen % 97,62 zenbatuta, Sanchezek 62.477 boz jaso ditu (% 48,6); Madinak 43.439 (% 36,19) eta Perez Tapiasek 19.384 (% 15,12). 129.411 militantek parte hartu dute bozketan.
Sanchezek batasuna agindu du
Sanchezek batasuna agindu du eta zuzendaritzako kide izatea eskaini die lehiakide izan dituen Eduardo Madina eta Jose Antonio Perez Tapias hautagaiei.
"Inor ez dago soberan, alderantziz, jendea falta da. Eta lagundu nahi duen orok idazkari nagusi honen babesa izango du", aldarrikatu du Pedro Sanchezek PSOEren Ferrazeko egoitzan egin duen prentsa agerraldian. Bertan izan dira baita ere Alfredo Perez Rubalcaba jarduneko idazkari nagusia eta Madina zein Perez Tapias.
Madinak eta Tapiasek ez dute hitz egin nahi izan
Eduardo Madina eta Jose Antonio Perez Tapias PSOEren idazkari nagusi izateko hautagai galtzaileek ez dute hitz egin nahi izan bozketaren ostean egindako ekitaldian, eta PSOEren egoitza nagusia utzi dute berehala, protagonismoa Pedro Sanchez irabazleari emateko.
'Militante guztien babesa'
Alfredo Perez Rubalcaba PSOEren idazkari nagusia, kargua utziko duena, ziur dago Pedro Sanchezek, idazkari izateko militanteen babesa jaso duenak, "hemendik aurrera militante guztien babesa" izango duela.
Rubalcabak azpimarratu du du Sanchezek "ohore" handia izango duela, "militanteek zuzenean aukeratutako lehenengo idazkari nagusia izango delako".
Bozketa
Pedro Sanchezek Estatuko 12 erkidegotan irabazi du. Andaluzian oso garaipen zabala lortu du Sanchezek, eta EAE, Valentzia eta Madrilgo erkidegoetan, erkidego garrantzitsuetan, irabazi du.
Diputatu madrildarrak irabazi du igandean PSOEk idazkari nagusia hautatzeko antolatu duen bozketan, botoen % 97,62 zenbatuta. Izan ere, botoen % 48,6 (62.477 boto) eskuratu du Sanchezek, Eduardo Madina aurkari nagusiak baino ia % 12 boto gehiago.
Hala, Madinak botoen % 36,19 (43.439 boto) lortu du, eta Jose Antonio Perez Tapiasek % 15,12 (19.389 boto).
Andaluzian, Sanchezek botoen % 61,14 jaso ditu, Madinak % 23,18 eta Tapiasek % 15,68.
Madrilen estuago dago bozketa; izan ere, Sanchezek % 42,61ko babesa du, Madinak % 38,98ekoa, eta Tapiasek % 15,21ekoa.
EAEn ere Sanchez izan da bozkatuena, eta botoen erdiak (% 50,19) baino gehiago eskuratu ditu, Madinaren (% 34,6) eta Tapiasen (% 15,21) aurretik.
Extremaduran, berriz, Madina izan da irabazle, % 51,17ko babesarekin, Sanchezek baino 13 puntu gehiago (% 38,36), eta Tapìasek baino 41 puntu gehiago (% 10,47).
Katalunian, Madinak irabazi du, botoen % 40,42 eskuratuta, Pedro Sanchezen (% 37,37) aurretik.
Parte-hartze handia
Oscar Lopez antolakuntza idazkariak azpimarratu du "oso altua" izan dela parte-hartzea, % 65,85 izan da; hau da, 129.000 militante sozialista inguruk eman dute botoa, "normaltasuna nagusi" izan den gaurko bozketan.
Era berean, gustura agertu da militanteek kanpaina "berritzaile eta apurtzailean" egin duten lanagatik.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa