06:01

Politika

PSOE berritzeko prozesua

Monarkiaren gaineko galdeketak ekarri du hautagaien desadostasuna

Erredakzioa

Perez Tapias erreferenduma egitearen alde agertu da; Madinaren eta Sanchezeren ustean, ordea, hori ez da lehentasuna. Hirurek igandeko bozketan parte hartzeko deia egin dute.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Pedro Sanchez, Eduardo Madina eta Jose Antonio Perez Tapias PSOEren idazkari nagusi izateko hautagaiek ustelkeriaren kontrako borrokan neurriak gogortzea defendatu dute, eta aforamendua eta Ministro Kontseiluak egiten dituen indultuak, esaterako, arautzearen alde agertu dira.

Perez Tapias izan da neurririk gogorrena proposatu duena; kargudun bat edozein prozesutan inputatua izanez gero, dimititu beharko lukeela esan du, baina, errugabea dela baieztatzen bada, "ate handitik" bueltatu beharko litzateke.

Sanchez eta Madinaren ustean, ordea, ahozko epaiketa hasi arte itxaron beharko litzateke.

Monarkia eta errepublikaren artean aukeratzeko galdeketa bat egitearen inguruan ere galdetu diete. Perez Tapias galdeketa egitearen alde agertu da, bere ustean, horrek ez delako Estatu Buruarekiko errespetu falta.

Madinaren eta Sanchezen iritzian, ordea, galdeketa hori orain egitea ez da lehentasuna, baina garrantzia handiko gaien inguruan militanteen artean galdeketak egitearen alde azaldu dira.

Hirurek bukatu dute gaurko debatea datorren igandean, hilak 13, buruzagi berria aukeratzeko deituta dauden 198.000 militante inguruk bozketan parte har dezaten eskatuz.

PSOEren hutsegiterik larrienak

Sanchezen iritzian, PSOEren huts egiterik handienetakoa alderdiak berak duen "konplexua" eta "bere burua egun osoan zigortzen" egotea da. Halaber, beste bi aipatu ditu, Zapateroren Gobernuak lehenengo agintaldian egindako erreforma fiskala eta Alfredo Saenz bankaria indultatzea, 2011 azaroko hauteskundeak galduta zeudenean.

Madinaren esanetan, huts egiteak potolenak dira, batetik, politikariek aurrezki kutxetan lan egitea ez galaraztea eta tratuan berdintasuna egotea bermatzeko legea ez egitea eta, bestetik, Eliza katolikoarekin indarrean dagoen konkordatua baliogabetu ez izana.

Horrez gain, Perez Tapiasen ustean, 2011ko udan egindako Konstituzioaren erreforma izan da PSOEren huts egite handiena; alegia, 135. artikulua aldatu zutenean. Gainera, sexu gehiegikeriak egiteagatik zigortutako pertsona baten botoari esker (2013ko hasieran Ponferradan gertatu bezala) mozio-zentsura bat bultzatzea eta gobernu-paktuak "edozeren truke" egitea ere jo ditu huts egitetzat.

Hasierako hitzaldiak

Pedro Sanchez PSOEren idazkari nagusi izateko hautagaiak esan duenez, bere alderdian ez dago "kastarik, kasta handiko jendea baizik"; halaber, "eskuinari irabazteko" aurkeztu da "besteen pareko" hautagai gisa, esan du, eta irabaztekotan beste hautagaiak bere Exekutibaren kide izatea nahiko luke.

"Eduardo, zu Batzorde Federalean egotea nahi dut, eta Jose Antonio, zu ere egotea nahi dut, Ezkerra Sozialista korronteak ordezkaritza izan dezan", esan du Pedro Sanchezek hasierako hitzaldian, Eduardo Madina eta Jose Antonio Perez Tapias beste bi hautagaiekin batera Ferrazen egiten ari diren debatean.

Eduardo Madina euskal diputatuak iragarri duenaren arabera, PSOEren idazkari nagusia bada, presidentea izateko hautagaia erabakitzeko primarioak deituko ditu, azaroaren azken astean.

Pedro Sanchezek esandakoari erantzunda ("benetako PSOE" ezagutu duela, milaka kilometro egin ondoren) Madinak esan du berak aurretik ezagutzen zuela alderdia, 17 urterekin hasi zuen ibilbide politikoa Euskadiko Gazte Sozialistekin bate eginda.

Jose Antonio Perez Tapias Ezkerra Sozialistako ordezkariaren esanetan, PSOEren idazkari nagusi izateko hautagaitza aurkeztu du, uste duelako proiektu sozialista berreraikitzeko, eta alderdia sakonean berritzeko", konponbideak eta proposamenak" egin ditzakeela.

Perez Tapiasen hasierako hitzaldian, "arratsaldeon" esan du Espainiako hizkuntza koofizialetan eta PSOEren 135 urteko memoria "erronka politikoa eta morala" da une "erabakior" honetan.

Debatearen gaineko datuak

PSOEtik zabaldu dutenez, debatea baino gehiago, elkarrizketa izango da, aukeratu duten formatuak ez duelako, printzipioz, eztabaida aurreikusten. Debatea PSOEren Ferrazko egoitza nagusian da.

Carmen del Riego Madrilgo Prentsa Elkarteko presidentea gidatzen ari da Ferrazen hiru hautagaien arteko debatea.

Guztira 99 parte-hartzaile daude, 33 parte-hartzaile hautagaitza bakoitzeko, eta PSOEren iritzi ezberdinen ordezkari izango dira. Hiru hautagaiek horien galderei erantzun behar diete. Erantzun ahalik eta motzenak izatea espero da, ahalik eta galdera gehien egin ahal izateko.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena