Politika
Noos auzia
Fiskaltza eta defentsa, Cristina infanta auzipetzearen aurka
Erredakzioa
Ustelkeriaren kontrako fiskalak esan duenez, "infanta den pertsona izateagatik auzipetu dute". Defentsako abokatuak, berriz, Cristina infanta auzipetzeko inolako delitu zantzurik ez dagoela esan du.
Cristina infantaren defentsak helegitea aurkeztuko du Palmako Auzitegian Jose Castro epaileak haren aurkako auzipetzea berretsi ostean.
Espainiako erregearen arrebak inolako deliturik egin ez duela argudiatuko dute. Miguel Roca abokatuak esan du goizean telefonoz hitz egin duela Cristina infantarekin eta honek berria "lasaitasunez" hartu duela, "Palmako Auzitegiak behar bezala jardun zuela ondorioztatuko duela sinetsita dagoelako".
Litekeena da helegitea uztailaren 2an aurkeztea. Miquel Rocak argudiatuko du ez dagoela inolako oinarririk Cristina infantak deliturik egin zuela eta zerga edo administrazio arauak hautsi zituelako esateko. Gainera, Fiskaltza eta Zerga Agentzia iritzi berekoak direla azpimarratu du.
Ildo horretan, gogora ekarri du Zerga Agentziak Noos auziaren harira aurkeztutako txostenetan inolako delitu zantzurik ageri ez dela, eta Fiskaltzak berak "hainbat aldiz eta modu argian" delitu arrastorik ez dagoela adierazi duela.
Juan Carlos I.aren abdikazioak Cristina infantaren egoeran eragin ote dezakeen galdetuta, Rocak esan du espero duela "gertakari horrek ez duela eraginik izan eta ez duela eraginik izango" aipatu prozesu judizialean. "Justiziak baldintza horietatik kanpo jardun behar du", erantsi du.
Pedro Horrach Ustelkeriaren aurkako fiskalak egindako adierazpenen harira, Rocak esan du ez duela iritzi bera. "Hori esatera ez nintzateke ausartuko. Legearen aurrean denok gara berdinak eta infantarekin hori agerian geratzen ari da".
Fiskaltzak ere helegitea jarriko du
Pedro Horrach Ustelkeriaren aurkako fiskalak aurreratu duenez, helegitea jarriko du Cristina Borboikoa, Felipe VI.a erregearen arreba, auzipetzea agintzen duen autoaren aurka. Izan ere, horren ustez, "ez dago [infantaren aurkako] inolako zantzurik".
Jose Castro epaileak erabakia jakinarazi baino lehenago egin du iragarpena fiskalak, hau da, autoaren edukia ezagutu baino lehen baieztatu du helegitea jarriko duela.
Horrachen esanetan, Noos auziaren ikerketak iraun duen lau urteetan infantaren inputazioa izan da epailearekin izan duen "desadostasun bakarra".
"Gainerako kontuetan, eskutik joan gara [Castro epailea eta biok]", nabarmendu du.
Bestalde, fiskalak ukatu egin du Urdangarinek epaiketa saihesteko akordio bat eskaini izana.
Urtarrilean Castrok Cristina infanta inputatu zuenean ere jarri zuen helegitea Fiskaltzak.
"Infanta den pertsona izateagatik inputatu dute"
Ustelkeriaren Kontrako fiskalak esan duenez, "infanta den pertsona izateagatik auzipetu dute", beste persona bat izango balitz, berataz "hitz bat bera ere" ez zutela esango gaineratu du.
Efe albiste agentziari egindako adierazpenetan, infantarekin "bidegabe" aritu dira eta "hirurehun eta piku pertsonari entzun ondoren" Cristina Borboikoaren kontra ezer ere ez dagoela esan du.