Politika
Felipe VI.aren proklamazioa
David Perez | eitb.com
Gorte Nagusiek errege proklamatu dute Felipe VI.a, Juan Carlos I.ak abdikatu eta 18 egunera.
Albisteak (3)
Bideoak (3)
Espainiako Gorte Nagusiek errege proklamatu dute ostegun honetan Felipe Borboikoa eta Greziakoa, Felipe VI.a, Juan Carlos I.ak abdikatu eta 18 egunera. Era berean, Leonor Borboikoa eta Ortiz (8 urte) Asturiasko printzesa bihurtu da, hau da, Espainiako tronuaren ondorengoa.
Konstituzioaren zina egin eta gero, Felipe VI.ak bere lehen hitzaldia eskaini du errege gisa, Kongresuan. "Errege konstituzional baten erregealdia hasi da", aldarrikatu du, eta estatuburu "leiala" izango dela eta "entzuteko, ulertzeko, ohartarazteko, aholkuak emateko eta interes orokorrak defendatzeko prest" egongo dela adierazi du.
Erregeak "Espainiaren batasunean fedea" duela esan du, baina batasuna ez dela "uniformetasuna" argitu du.
"Espainia batuta eta anitz horretan, espainiarren arteko berdintasuna eta herrien arteko elkartasuna oinarri duen Espainia horretan, denok dugu lekua; sentimendu eta sentsibilitate guztiek dute lekua, espainiar sentitzeko modu ezberdinek dute lekua", gaineratu du.
Estatuburuaren esanetan, sentsibilitate ezberdinek ez dituzte herritarrak "aurrez aurre" jarri behar, ezta "zatiketa ekarri ere".
Horren ildotik, "gaztelaniarekin batera, Espainiako gainerako hizkuntzek ondare komun bat" osatzen dutela eta horiei "errespetu eta babes berezia zor" zaiela nabarmendu du. Ondoren, hainbat idazle aipatu ditu, tartean Gabriel Aresti.
Hitzaldian ez du Kataluniako kontsultaren eta Euskadiko estatus juridiko berriari buruzko eztabaidaren aipamen zehatzik egin, ezta errepublikaren edo monarkiaren artean hautatzeko erreferendum eskaerena ere ez.
Terrorismoaren biktimentzat ere izan ditu hitzak, eta "denon askatasuna defendatzeagatik bizia galdu dutenak edo sufritu egin dutenak memorian eta bihotzean" egongo direla adierazi du.
"Eta Zuzenbide Estatuaren garaipena merezi duten duintasunaren aitorpen onena izango da", erantsi du.
Felipe VI.ak gaztelaniaz, euskaraz, katalanez eta galizieraz eskerrak emanez eman dio amaiera hitzaldiari. Estatuko hizkuntza koofizial horietan egindako hitz bakarrak izan dira.
Militar jantzita izan da ekitaldian.
Felipe VI.ak Kongresuan egindako hitzaldia
PROKLAMAZIO EKITALDIAK
Felipe VI.a ostegun honetako 00:00etatik da errege, ordu horretan sartu baita indarrean Juan Carlos I.aren abdikazioa, baina koroatze ekitaldiak 09:30ean hasi dira, Zarzuelan. Ordu horretan, aitak armadetako kapitain orokorraren banda eman dio.
Ondoren, errege-erregin berriak Diputatuen Kongresura abiatu dira. Bertan, Estatuko botere guztietako ordezkariak izan dira, tartean presidente autonomikoak. Iñigo Urkullu lehendakaria eta Artur Mas Kataluniako Gobernuko presidentea ere izan dira, baina ez dute bat egin Felipe VI.aren aldeko txaloekin.
Horren harira polemika piztu dela ikusita, lehendakariak erregearen hitzaldiaren hainbat tarte txalotu dituela azaldu dute Lehendakaritzatik. Gainera, Felipe VI.a agurtu eta zoriondu duela eta "beste une batean elkartzea" nahi duela esan dio.
Koroatzean izan direnen artean Felipe Gonzalez, Jose Maria Aznar eta Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidente ohiak ere daude, eta Sofia erregina, Elena alaba eta Leonor eta Sofia infantak ere bai. Ez, ordea, Juan Carlos I.a, uko egin baitio, semeari itzal ez egiteko.
Izquierda Plural taldeko (IU-ICV, EuiA-CHA) eta ERCko, Amaiurreko, BNGko, Geroa Baiko eta Compromiseko diputatuek ere ez dute ekitaldian parte hartu, ondorengotza prozesuari arbuioa adierazteko eta monarkiari buruzko erreferendum bat aldarrikatzeko.
Espainiako errege-erreginen desfilea, Madrileko kaleetan barrena
IKUR ERREPUBLIKANOAK, DEBEKATUTA
Felipe VI.aren proklamazio ekitaldiaren beste bi ezaugarri segurtasun neurri zorrotzak (Barne Ministerioak 7.000 agente hedatu ditu) eta Poliziak ikur errepublikanoak debekatu izana dira.
Hain zuzen ere, errege-erreginek Madrilgo kaleetan barrena egindako desfilean ikur eta bandera errepublikanoak erakustea debekatu du Espainiako Poliziak, eta kale-jantzian zeuden hainbat agente hori behatzeaz arduratu dira.
Espainiako Poliziak lau pertsona atxilotu ditu: horietako bi bandera errepublikanoa zuten kamisetak janzteagatik eta beste bat harresi bat gainditzen saiatzeagatik.
Europa Press agentziak azaldu duenez, adineko hainbat pertsona "gora errepublika!" oihukatzen hasi dira errege-erreginen desfilea pasatu eta gero, eta poliziek inguratu egin dituzte. Ondoren, gizonezko bat harresi bat gainditzen saiatu da, eta poliziek atxilotuta eraman dute.
Halaber, Malasaña auzoan, desfilearen kaleetara sartu nahi ziren M-15 mugimenduko hainbat kide atxiki dituzte.
Guztira, Poliziak 40 pertsona identifikatu ditu Madrilen.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa