Politika
Krisi sozialista
Erredakzioa
"Nire jarrera laguntzen jarraitzea da, eta ez beste bat", azaldu du PSE-EEko idazkari nagusiak. Hala ere, adierazi dioten konfiantzagatik eskerrak eman dizkie alderdikideei.
Albisteak (4)
Bideoak (1)
PSOEko idazkari nagusia izateko lehian sartuko ez dela berretsi du gaur Patxi Lopez PSE-EEko idazkari nagusiak. "Gure herrialdean alternatiba sozialdemokrata indartzeko eta berritzeko ahal dudan guztian lagunduko dut", adierazi du. "Nire jarrera laguntzen jarraitzea da, eta ez beste bat", erantsi du.
Era berean, Susana Diaz Andaluziako presidenteak PSOEko buruzagia izateko aukerari uko egin dio aste honetan. Diazen erabakiaren berri izan eta gero buruzagi eta agintari sozialista "ugari" Patxi Lopezekin harremanetan jarri dira eta hartutako erabakia berriz pentsatzeko eskatu diote, hau da, PSOEko idazkari nagusi izateko hautagai bezala aurkezteko eskatu diote, PSE-EEk agiri batean azaldu duenez.
Hala ere, adierazi dioten konfiantzagatik eskerrak eman dizkie Lopezek alderdikideei. Gainera, idazkari nagusi berria "bata edo bestea izan", alderdi "sendo eta batu" bat eraikitzeko lanean bere "baldintzarik gabeko babesa" jasoko duela ziurtatu du Lopezek.
"Indarrak eta gogoak"
"Proiektu sozialista berria zuzenduko duten pertsonei bidea errazteko aldentzea erabaki nuen eta erabakia hartzera bultzatu zidaten arrazoiak indarrean daude gaur egun. Indarrak eta gogoak baditut, baina une honetan Alderdi Sozialistari egin diezaiokedan ekarpenik onena militanteek aukeratzen duten pertsonari laguntza eta babesa ematea da", azaldu du Patxi Lopezek.
Horrela, maiatzaren 25eko Europako hauteskundeak egin eta bi egun geroago hartutako erabakia berretsi du PSE-EEko buruzagiak. EAEko sozialistek 104.515 boto lortu zituzten, duela bost urte eskuratutakoen erdia. Ondorioz, kargua utzi behar zuela iragarri zuen Lopezek, eta PSE-EEren ezohiko kongresua deitu zuen irailerako.
Patxi Lopez PSOEren barne-hauteskundeetako hautagai nagusietako bat izan behar zuela ematen zuen, baina bere burua "lehiatzen baino laguntzen" ikusten zuela azaldu zuen Lopezek. Susana Diazen hautagaitzari publikoki babesa eman zion PSE-EEko buruzagiak.
Alberto Sotillos, hautagai
Bestalde, PSOEko idazkari nagusia izateko hautagai izango dela iragarri du gaur Alberto Sotillos PSMko militante gazteak. Eduardo Sotillos Gobernuko bozeramaile ohiaren (Felipe Gonzalezen garaian) semea da. Sozialismo Demokratikoa izeneko militanteen taldeko kidea da.
Alberto Sotillos Villalobos soziologoa, aholkularia eta komunikazio politikoan aditua da. Komunikabide ezberdinetako politika eztabaidetan parte hartzen du Sotillosek.
Beste bi hautagai hipotetiko
Juan Fernando Lopez Aguilar ministro ohia eta Soraya Rodriguez PSOEko bozeramailea Alfredo Perez Rubalcaba ordezkatzeko hautagaiak izan daitezke.
Biltoki sozialistetan zurrumurruak areagotu dira arratsaldean. Horrela, Lopez Aguilar eta Rodriguez hautagai hipotetikotzat jotzen dituzte. Hala ere, biak aukera aztertzen ari dira, baina ez dute erabakirik hartu.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa