09:03

Politika

Erregearen abdikazioa

Rubalcaba PSOEko ahots errepublikanoak baretzen saiatuko da gaur

Erredakzioa

Diputatuen Kongresuko Talde Sozialistak bilera egingo du, eta Rubalcabak erreferenduma nahi duten diputatuei aurre egingo die.

  • Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko idazkari nagusia. EFE

    Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko idazkari nagusia. EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

PSOEk Diputatuen Kongresuan duen taldeak bilera egingo du gaur, eta Alfredo Perez Rubalcaba sozialisten idazkari nagusiak parte hartuko du bertan, Juan Carlos I.a erregeak abdikatzeko eta Felipe semea errege bihurtzeko prozesua babesteko argudioak defendatzeko, Europa Press agentziak jakinarazi duenez.

Horrelako bilerak Soraya Rodriguez bozeramaileak edo Eduardo Madina Talde Sozialistako idazkari nagusiak zuzendu ohi dituzte, baina gaurkoan Rubalcabak egingo du. Izan ere, hainbat diputatuk Monarkiari buruzko erreferendum bat egitea eta abdikazioari buruzko bozketan (bihar da egitekoa, Kongresuan) boto askatasuna edukitzea eskatu dute. Besteak beste, Odon Elorza Donostiako alkate ohia, Guillem Garcia Gasulla balearra eta Federico Buyolo alacantarra daude horien artean.

Hori horrela, Rubalcaba ahots errepublikanoak isiltzen saiatuko da gaur, PSOEk itun konstituzionala errespetatuko duela argudiatuta. Horrenbestez, ez du boto askatasuna onartuko.

PSOEren hurrengo idazkari nagusi izateko hautagaietako bat, Pedro Sanchez madrildarra, diputatu sozialistei boto askatasuna ematearen alde agertu da, baina berak abdikazio prozesua babestuko duela aurreratu du.

Baliteke Elorzak zuzendaritzaren agindua urratzea

Soraya Rodriguez PSOEko bozeramailearen ustez, parlamentari sozialista guztiek bete egingo dute zuzendaritzaren agindua. Dena dela, baten batek urratuko balu, argi geratuko litzateke nor izan den, ezkerreko alderdiek bozketa banan-banan eta ahoz egitea lortu dutelako.

Testuinguru horretan, zuzendaritzaren agindua urratu lezakeela iradoki du Odon Elorzak, "askatasun osoz eta bere kontzientziaren arabera" bozkatuko duela aurreratu baitu.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena