07:28

Politika

Erregearen abdikazioa

Ekainaren 18an izendatuko dute Felipe Borboikoa errege

Erredakzioa

Ministroen Kontseiluak ezohiko bileran lege organikoaren proiektua onartu du, Juan Carlos erregearen abdikazioa erregulatzeko; artikulu bakarra du.

1:16
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Ekainaren 18an izendatuko dute Felipe Borboikoa Espainiako errege, Diputatuen Kongresuan bildutako Gorteen aurrean, Kongresuko Mahaiko iturriek baieztatu dutenez. Data ez dago erabat itxita, Kongresuaren, Senatuaren eta Erregearen Etxearen agendek baldintzatuko baitute. Hala ere, Parlamentuko iturriek adierazi dutenez, litekeena da egun horretan izatea ekitaldia.

Mahaiak onartu egin du astearte arratsaldean Juan Carlos erregearen abdikazioa indarrean sartuko duen lege organikoaren proiektua. Datorren asteazkenean onartuko du proiektua Kongresuak, eta, hurrengo astean, berriz, Senatuak. Litekeena da ekainaren 18ko bezperan onartzea Senatuak lege organiko hori.

Hala, Kongresuko Mahaiak proiektua kalifikatu du, eta, ondoren, Bozeramaileen Batzordearen esku utzi du, hark eztabaidarako data erabaki dezan, Gobernuak urgentziaz tramitatzea eskatu ostean. Eguerdian onartu du Ministroen Kontseiluak lege-proiektua, eta arratsaldeko lehen orduan onartu du berau tramitatzea Mahaiak.

Artikulu bakarreko legea onartu du Gobernuak

Ministroen Kontseiluak premiazko bileran onartu du Juan Carlos I.a erregearen abdikazioa arautuko duen lege organikoa. Ministroen Kontseiluak ezohiko bileran lege organikoaren proiektua onartu du, Juan Carlos erregearen abdikazioa erregulatzeko, artikulu bakarra du eta amaierako disposizio bakarra Espainiako Koroari uko egitea eraginkorra izateko. Araua Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzean sartuko da indarrean, Gobernutik jakitera eman dutenez.

Onartutako artikuluak testualki honako hau dio: "S. M. Juan Carlos I Borboiko erregeak Espainiako Koroari uko egin dio. Abdikazioa lege organikoan indarrean sartzen den unean izango da eraginkorra”. Azken disposizio bakarrak “Estatuko Aldizkari Ofizialean” argitaratzean izango dela indarrean sartzeko unea azaldu du.

Halaber, Gobernuak monarkiaren aldeko deklarazio instituzional bat onartu du bileran, Juan Carlosek egindako lanari eskerrak emanez eta Konstituzioak “Estatuko Buruzagitzaren ondorengotzan normaltasuna ziurtatzen” duela esanez.

Juan Carlos I.a Espainiako erregearen abdikazioaren berri emateko prentsaurrekoan iragarri zuen Rajoyk aparteko bilera deitu zuela gaurko, Konstituzioak aurreikusten duena betetze aldera. Bertan azaldu zuenez, abdikazio baten aurrean egin behar den lehenengo gauza lege organikoa onartzea da, Konstituzioaren 75.5 artikuluan agertzen den moduan.

Frankismoa amaitu zenetik ez da lege hori onartu, eta, horregatik, gaur egin du Gobernuak Rajoyren legegintzaldian premiaz deitu duten bigarren Ministroen Kontseiluan (lehena Adolfo Suarez hil zenean deitu zuten).

Moncloako iturriek jakitera eman dutenez, onartutako lege organikoaren testua "sinplea" da, eta Asturiasko printzea "epe laburrean" errege izendatzea izango du helburu.

Senatua eta Kongresua

Parlamentuko iturriek iragarritako aurreikuspenen arabera, irakurketa bakarrean eztabaidatu eta onartuko dute Kongresuan, eta litekeena da datorren asteazkenean, ekainak 11, egitea saioa. Ondoren, Senatura igorriko dute, eta litekeena da ekainaren 17ko saioan jorratzea gaia.

Senatuak ere irakurketa bakarrean onartuko du, ziurrenik; beraz, osoko bilkuran eztabaidatuko dute zuzenean, aurretik batzorde batean eztabaidatu behar izan gabe. Horixe iragarri du behintzat Juan Jose Lucas Senatuko presidenteordeak bozeramaileen batzordearen bileraren ostean. PPk proposatuta aurreikusi dute legea irakurketa bakarrean bozkatzea.

Jesus Posada Madrilgo Diputatuen Kongresuko presidenteak goizean aurreratu du izendapenaren dataren inguruko lehen aurreikuspenak. Hala, Posadak esan du eskuartean dituzten aurreikuspenen arabera, ekainaren 18tik aurrera izendatu ahal izango dutela errege Felipe Borboikoa, Juan Carlos erregearen abdikazioa arautuko duen lege organikoa orduan onartuko baitute behin betiko.

Legearen bozketa

PPk, PSOEk, UPyDk, Foro Asturiasek eta UPNk dagoeneko baieztatu dute aldeko botoa emango dutela. Kontra bozkatuko dutela iragarri du, bestalde, Izquierda Pluralek, ERCk, Nueva Canariasek eta BNGk. EAJ abstenitu egingo da eta Amaiurrek ez du parte hartuko.

Josep Antoni Duran i Lleida CiUko idazkari orokorrak esan du bere taldeak oraindik ez duela ''azken jarrera'' erabaki, baina ''zentzurik gabekoa'' litzatekeela kontra egitea

PSOEk argitu duenez, ez du bere diputatuei boto askatasuna emateko asmorik, hainbatek hori eskatu arren.

Juan Carlosek Errege Jauregian sinatuko du abdikazio legea

Gorteek lege organiko berria onartu ostean, Juan Carlosek Madrilgo Errege Jauregian sinatuko du abdikazioa. Felipe printzea errege izendatu bezperan izango da ekitaldia, eta Estatuko botereen ordezkariak izango dira bertan, Zarzuelak aurreratu duenez.

Errege-dekretu batek arautuko du Juan Carlos Borboikoaren egoera

Alberto Ruiz Gallardon Justizia ministroak iragarri duenez, errege-dekretu batek arautuko du Juan Carlos Borboikoaren egoera, Koroari uko egin ostean.

“Espainiar guztien erregea”

Deklarazioak Juan Carlosek “errege izan nahi zuela, eta hala izan dela, espainiar guztiena” nabarmendu du. “Haren bultzada eta lidergoa gabe Trantsizioa ez zen posible izango”, dio. “Haren esfortzuak, demokraziaren etorreran lagundu zutekin guztienekin batera, Konstituzioan amaitu zuen, 1978ko abenduaren 6an erreferendumean onartuta”, gogoratu du.

“Espainia gaur Zuzenbide Estatu, modernoa eta demokratikoa baldin bada, ongizate sozialean maila altuak lortu dituena, neurri handi batean, Juan Carlosen erregetzari esker da”, gaineratu du.

"Aro berria"

Juan Carlos I.a erregeak Koroari uko egitea erabaki zuen astelehenean, Felipe printzearen mesedetan eta "aro berri bati hasiera emateko asmoz".

"Belaunaldi gazteago batek lehen lerroa hartzeko unea iritsi da, aldaketak irmotasunez gauzatzeko eta egungo testuinguruak eskatzen dituen erreformak egiteko", azpimarratu zuen, Rajoyk abdikazioaren berri eman ostean egindako agerraldian.

Manifestazioak Errepublikaren alde

Abdikazioaren albistea zabaldu eta berehala, mugimendu errepublikazaleek berehala deitu zituzten kontzentrazioak eta manifestazioak. Estatu osoko hirietan elkarretaratze jendetsuak egin zituzten errepublikaren eta monarkiaren inguruko erreferendumaren alde, Juan Carlos I.a erregeak Koroari uko egitea erabaki ostean. Besteak beste, Madrilen, Bartzelonan, Sevillan, Valentzian, Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean egin zituzten protestak. Parisen, Bruselan, Porton eta Berlinen ere elkarretaratzeak egin zituzten.

Hainbat gizarte eragilek eta alderdi politikok deitu zituzten elkarretaratzeak, tartean Izquierda Unidak, Alternativa Republicanak, Ahal Duguk, Equok eta ERCk. Euskal Herrian, EH Bilduk ere deialdia egin zuen, eta 3.000 pertsona baino gehiago elkartzea lortu zuten euskal hiriburuetan.

Elkarretaratzerik jendentsuena Madrilen egin zuten, Sol plazan. Bertan, 10.000 lagun bildu ziren, Poliziaren datuen arabera. Gainera, protestek jarraipena izan dute astearte honetan, eta Solen bertan elkarretaratzea deitu dute 20:00etarako.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena