13:26

Politika

Erregearen abdikazioa

Honelakoa izango da erregearen abdikazio prozesua

Erredakzioa

Espainiako Gobernuak lege organiko bat onartu beharko du, erregearen abdikazioa ez baitago araututa oraingoz. Izapide instituzionala hiru astetik seira luzatuko da.

1:10
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Juan Carlos I.a Espainiako erregeak Koroari uko egin eta gero, Espainiako Gobernuak lege organiko bat onartuko du astearte honetan, abdikazioarekin aurrera jarraitzeko eta Felipe VI.a horren semea errege bihurtzeko.

Izapide instituzionalak gaurtik, Juan Carlosek iragarpena egin duenetik, Felipe XVI izendatzen duten arte, hiru astetik seira luzatuko da, Errege Etxearen kalkuluen arabera.

Izan ere, Konstituzioaren arabera, abdikazioak lege organiko baten bidez araututa egon behar du, baina lege hori ez da existitzen oraindik, eta demokrazia garaian ez dago uko egiteen aurrekaririk. Hauxe da, hain zuzen ere, Konstituzioaren 57.5. artikuluak ezartzen duena: "Koroaren oinordetza-hurrenkerari dagokionez, abdikazioa, uko-egitea edo egitezko nahiz zuzenbideko edozein zalantza gertatzen bada, hori lege organikoaren bidez erabakiko da".

Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentearen esanetan, artikulu hori oinarri gauzatuko dute oinordetza, baina adituek interpretazio ezberdinak egiten dituzte legearen aurrean.

Leandro Martinez Cardos legelariaren ustez, baliteke lege organikoak bi artikulu baino ez izatea: lehenengoa, abdikazioa onartzeko, eta, bigarrena, ukoa Estatuko Aldizkari Ofizialean publikatu eta hurrengo egunean sartuko dela indarrean ezartzeko.

Gorteetan, lege organikoa irakurketa bakarraren prozedurarekin izapidetuko dute segur aski, prozesua bizkortzeko. Gehiengo osoa beharko da Kongresuan.

Mahaiak ezarriko ditu epeak

Lege organikoa onartu eta gero, Gobernuak Kongresura igorriko du, izapidea has dadin. Lehenik eta behin, Behe Ganberako Mahaiak kalifikatu egin beharko du, eta zuzenketak aurkezteko epea hasiko da.

Ondoren, osoko bilkurak eta Konstituzio Batzordeak eztabaida egingo dute. Prozesua Senatuan ere errepikatuko dute.

Dena dela, prozesua azkarra izango da. 2011 urtean, PSOEk eta PPk bi astean erreformatu zuten Konstituzioa, defizit mugen aipamena gaineratzeko.

 

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena