Politika
Krisia PSOEn
Bizkaiko eta Arabako sozialistek ere kongresua deituko dute
Erredakzioa
Data, alabaina, ez dute oraindik zehaztu. Gipuzkoako sozialistek ostegun honetan jorratuko dute gaia.
PSE-EEko Bizkaiko eta Arabako batzorde exekutiboek ere ez-ohiko kongresua egitea erabaki dute asteazken honetan. Gipuzkoako sozialistek, berriz, ostegun honetan jorratuko dute gaia.
Kongresuen datarik ez dute oraindik zehaztu, eta Euskadiko eta lurraldeetako exekutibekin adostea da asmoa. Hala ere, 2015eko udal eta foru hauteskundeen ostean egitearen alde azaldu da Patxi Lopez.
Europako hauteskundeetako emaitzen ostean ''aro politiko berriari'' aurre egitea da xedea, Bizkaiko sozialistek jakitera eman dutenez. Bertako batzordeak bilera egin su asteazken honetan Bilbon eta emaitza kaskarren azterketa kritikoa egin dute, PSE-EEko iturriek adierazi duenez. ''Herritarren konfiantza berreskuratzeko beharrezko neurri guztiak hartzea'' dute orain helburu, sozialisten hitzetan.
Lehen neurria ez-ohiko kongresua deitzea izan da. Aste honetan bertan, Alfredo Perez Rubalcabak PSOErena iragarri du eta Patxi Lopezek, ondoren, PSE-EErena. Nafarroan, Roberto Jimenez PSNko idazkari nagusiak astelehen honetan iragarri zuen alderdiak ezohiko batzar bat egingo duela aurten, exekutiba berri bat izendatzeko, eta horren parte izateari uko egin diola.
Bizkaian, Jose Antonio Pastor da egun sozialisten idazkari nagusia, baina iragarrita zuen jada ez zela berriz hautagaia izango. Araban, bestalde, Txarli Prieto da idazkari nagusia, eta orain urtebete aukeratu zuten, botoen % 58arekin. Gipuzkoan, Iñaki Arriolaren esku dago idazkaritza nagusia.
PSE-EEren Batzorde Nazionala deitu du Aresek
Bestalde, Rodolfo Ares PSE-EEko Antolakuntza eta Koordinaziorako idazkari nagusiak PSE-EEren Batzorde Nazionala deitu du ekainaren 3rako, Bilboko Euskaduna Jauregian. Bertan, ez-ohiko kongresuaren data erabakiko dute, baina litekeena da irailaren hasierarako deitzea hitzordu hori.