10:22

Politika

Kargua utziko du

Patxi Lopez: 'PSE-EEk zikloa itxi du'

Manu Gimenez | eitb.com

EAEko sozialisten idazkari nagusiak esan du ez duela kargua hauteskundeetako emaitza txarrengatik bakarrik utziko, baina hori izan omen da "zikloaren amaiera finkatu" duena.

1:26
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Patxi Lopez PSE-EEren idazkari nagusiak esan du idazkari nagusi kargua uzteko eta kongresua deitzeko erabakia ez dela Europako hauteskundeetako emaitza txarrengatik bakarrik izan, baizik eta "PSE-EEk zikloa itxi" duelako.

Ser irrati katean egindako elkarrizketa batean azaldu duenez, sozialistek EAEn inoiz lortu duten emaitza txarrena, Estatuko batez bestekotik beherakoa, lortu arren, ez du kargua hauteskundeetako emaitza txarrengatik bakarrik utziko, baina hori izan da "zikloaren amaiera finkatu" duena.

"Atzo proposatu nuena ez da igandeko emaitzetatik eratorria. PSE-EEk zikloa itxi du. ETAk Priede hil zuen eta hurrengo egunean idazkari nagusi izendatu ninduten. Orain, ordea, gure kargudunak lasai ibil daitezke kalean. Gainera, EAJ ez dela hemen agindu dezakeen bakarra erakutsi dugu, eta giltzarri izan gara terrorismoaren amaieran", gaineratu du.

Lopezen esanetan, hauteskundeetan lortu dituzten emaitzak "ezkerraren eta aurrerakoien erreferente" izaten jakin ez dutelako izan dira. "Jendea urrundu egin da Alderdi Sozialistatik, Alderdi Sozialista jendearengandik urrundu delako", adierazi du, orain zergatia aztertu beharko dutela azpimarratu aurretik.

Kongresua eta PSOEren primarioak

PSOEren kongresuari dagokionez, Lopezek esan du ez duela ulertzen sortu den eztabaida, "batak ez du bestea kentzen". Izan ere, Carme Chaconek eta Eduardo Madinak esan dute uztaileko premiazko kongresuarekin herritarren ahotsa isilarazi nahi dela.

"Eztabaida artifiziala da. PSOEk kongresua eta primarioak egin behar ditu. Militanteei eta herritarrei ahotsa emango diegu. Ez dut ulertzen herritarrei ahotsa ematea eskatzen dutenek alderdiko 200.000 militanteenari muzin egitea", adierazi du buruzagi sozialistak.

Horren harira, bi gauzak "ordena logikoan" egingo direla azpimarratu du; izan ere, "karteleko argazkia aldatzea baino arazo larriagoa dugu. Alderdia indartu beharra dago".

Boto zuzena

PSE-EEren idazkari nagusiak esan du "militante bat, boto bat" formula gustatzen zaiola, eta Eduardo Madina "sozialista handia" dela. Gainera, ez du baztertu Alfredo Perez Rubalcabaren ordezko izateko aurkezteko aukera, eta Susana Diaz Andaluziako presidente eta alderdiko idazkari nagusi izan daitekeela iritzi dio.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena