Politika
Frankismoko krimenak
Erredakzioa
Ikerketak Espainian aurrera egitea espero duela esan du Argentinako epaileak. Fusilatu baten seme-alaben testigantza jaso du astearte honetan Gernikan eta, astelehenean, Padinekin hitz egin zuen.
Albisteak (2)
''Ezin dut esan trabarik aurkitu dudanik, baina bai moteltasuna'', esan du astearte honetan Maria Servini epaile argentinarrak. Ikerketak aurrera egitea espero duela adierazi du, eta horri ''egunen batean'' Espainiatik heltzea, ''Argentinan bezala''.
Servini epaileak prentsaurrekoa eskaini du Donostian, Juan Karlos Izagirre bertako alkatearekin batera. Agerraldi horretan azken egunotan egindako lana baloratu du. Izan ere, frankismo garaiko krimenak ikertzen ari da Servini, eta igandean iritsi zen Euskal Herrira, Buenos Airesera deklaratzera joaterik izan ez duten biktimen salaketak entzutera. Astearte honetan, fusilatu baten seme-alaben testigantza jaso du Gernikan eta, astelehenean, Felix Padinekin hitz egin zuen Miranda de Ebron.
Bere lanean trabarik aurkitu ote duen galdetuta, Servinik esan du ezin duela esan halakorik izan duenik, baina ''zenbait gauzatan moteltasuna'' aurkitu duela salatu du. Horren aurrean, bere eskaera batzuen aurrean erantzun azkarragoak eskatu ditu eta, ildo horretan, Felix Padinekin egindako hitzordua izan du hizpide. ''Ikusi genezakeen ala ez erantzun ere ez zigun egin Miranda de Ebroko epaileak'', azaldu du.
Juan Antonio Gonzalez Pacheco ('Billy el Niño') eta Jesus Muñecas Aguilar estraditatzeko ezezkoaren aurrean, Argentinako epaileak esan du horrek ez duela eraginik, ikerketa aurrera doalako. Horren harian, adierazi du badagoela inputatua izan daitekeen jende gehiago, eta argitu beharrekoa argitzeko konfiantza agertu du.
Testigantzak Gernikan
Servini 10:00etan heldu da Gernikako epaitegira, tropa frankistek fusilatutako gizon baten seme-alaben testigantza jasotzeko.
Julen eta Maria Luisa Kalzada ordu berean heldu dira epaitegira frankismo garaiko krimenak ikertzen dituen epaileari testigantza emateko, Buenos Aireseko epaitegietan salatu baitzituzten.
Epaileak Kalzada neba-arreben testigantza jaso du bi orduz. Biok tropa frankistek Busturian, 1937an, fusilatutako gizon baten seme-alabak dira. Julen Kalzada abadea da, Zamoran preso egon zen eta "Burgosko prozesuan' epaitu zuten.
''Ondo joan da; oso ondo'', esan du epaileak saioa bukatuta; hala ere, ez du deklaraziorik egin nahi izan ''arazorik ez izateko, atzerrian egonda''. ''Baina oso ondo joan da", berretsi du. Euskadira egindako bisitan agenda ''beteta'' duela azpimarratu du argentinarrak baina, orain arte, emankorra izan dela gaineratu du. Hala, ''bereziki pozik'' agertu da astearte honetako jardunarekin. ''Deklarazioa jaso ahal izan dugu; aparta'', adierazi du.
Buenos Airesko 1 zenbakiko Auzitegi Kriminal eta Korrekzionaleko titularra da Servini, eta frankismo garaiko (1936ko uztailaren 18tik 1977ko ekainaren 17ra arte -lehenengo hauteskunde demokratikoak frankismoaren ondoren-) genozidio krimenak eta gizateriaren aurkako krimenak ikertzen ari da.
"Nazismoarekin bezala, epaiketa"
Julen eta Maria Luisa Kalzada neba-arrebek frankismo garaiko krimenak epaitzea eskatu dute, "nazismoarekin egin zen bezala".
Maria Luisa Kalzadak Radio Euskadirik esan dionaren arabera, "urte horiek oso gogorrak izan ziren, gure etxean, beinepein; gure herrian (Busturia), hobeto esanda. Gauetik goizera, sei pertsona fusilatu zituzten, sei alargun eta 17 umezurtz utzita".
Halaber, Julen Kalzadak "pozik" dagoela adierazi du, "Nurenbergekoaren mailakoa ez bada ere, gure esku dagoen guztia egin behar dugu frankismoa zigortzeko edo, gutxienez, epaitzeko, nazismoarekin egin zen bezala".
Eusko Jaurlaritzak lagunduko du
Eusko Jaurlaritza bat dator Maria Servini epailearekin eta frankismo garaian egindako krimenak "argitu, egia azaleratu dadin" eskatu du. Hori dela eta, kolaboratzeko eta laguntzeko prestutasuna agertu dio Iñigo Urkulluren Gobernuak epaileari.
Gasteizen, Gobernu Bileraren ondoren egindako prentsaurreko batean, Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaleak esan duenez, Jaurlaritzak ez momentuz "harremanik" izan epailearekin "berak ez duelako eskatu".
Edonola ere, Erkorekak zehaztu duenez, Jaurlaritzak kolaboratzeko eta laguntzeko prestutasuna agertu dio, helburuak lortzeko".
Felix Padinekin solasaldia
Astelehenean, epailea Miranda de Ebroko (Burgos) ospitalera joan zen, bertan Felix Padin miliziano anarkista bilbotarra baitago. Padin zenbait kontzentrazio eremutan izan zen, baina epaileak ezin izan zuen haren testigantza jaso, eskabidea epaitegietara heldu ez zelako. Halere, elkarrizketa bat izan zuten eta "buru argiko" gizona dela adierazi zuen. Padin ospitalean dago, barneko odol isuria izan duelako.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa