17:57

Politika

Kartzela-politika

Dispertsioak 25 urteotan eragindako 'sufrimendua' salatu du Etxeratek

Erredakzioa

Elkartearen datuen arabera, kartzelan dauden 491 preso politikoetatik 51 Espainiako kartzeletan daude, eta, 27 Frantziakoetan.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Etxeratek dispertsioak eragindako "sufrimendua" salatu du, ostegun honetan, era "orokor, sistematiko eta kolektibo batean" aplikatzen hasi zela 25 urte betetzen direnean.

Etxeraten hitzetan, "Espainiako Gobernuak 1989 urtetik aplikatzen duen neurri honek ehunka istripu eragin ditu martxan jarri zenetik, eta, istripu horietan, 16 lagun eta senide izan dira bizitza errepidean galdu dutenak; bisitetatik joan-etorrian". Horregatik, elkarteak argi du istripu horiek "ez direla kasualitatea, kausalitatea baizik", gaineratu du.

Dispertsioak eskubide urraketa "bikoitza" suposatzen duela salatu du Etxeratek, Donostian egindako agerraldian. Urtzi Errazkin elkarteko bozeramaileak azaldu duenez, "sistema honek presoen eskubideak urratzeaz gain, senideen eskubideak ere urratzen dituelako". Horrela, "presoak isolatu, bakartu, kolpatu, urrundu eta mediku arretarik gabe uzten" dituztela salatu dute senideek.

Etxeratek salbuespen neurri politiko hau pairatu duten euskal herritarrak milaka izan direla nabarmendu du. Adierazi duenez, "1989an hiru espetxetan egotetik, 78 espetxetan egotera pasatu dira".

491 preso politiko, 78 kartzelatan sakabanatuta

Elkartearen datuen arabera, lau euskal preso politiko bakarrik daude Euskal Herrian preso. Horrela, kartzelan dauden 491 preso politikoetatik 51 Espainiako kartzeletan daude, eta, 27 Frantziakoetan. Halaber, 491 preso horietatik 198 800 eta 1.100 kilometro arteko distantziara daude.

Halaber, Etxeratek eman dituen datuen arabera, hiru preso politiko dira kartzelan hil direnak, eta, gaur egun, larri dauden 12 presok kartzelan jarraitzen dute.

Etxeratek dispertsioarekin amaitzeko deia egin du berriro, "dispertsioa ehunka zauritu eta 16 hildako hauen erantzule zuzena delako, giza eskubideak uneoro urratzeko tresna delako eta, euskal gizarteak hamaika aldiz horrela eskatu duelako".

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena