14:27

Politika

Eusko Legebiltzarra

20 lagun deklaratzera deitu dituzte Epsilonen eta Hirikoren auziagatik

Erredakzioa

Proiektuei emandako diru-laguntzak ikertzen ari den ikerketa batzordeak gaur adostu du deklaratzera deituko dituen pertsonen zerrenda eta eskatuko dituen txostenak, erantzukizunak argitzeko.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Eusko Legebiltzarrean Epsilon eta Hiriko proiektuei emandako diru-laguntzak ikertzen ari den ikerketa batzordeak 20 bat pertsona deklaratzera deituko ditu eta 60 txosten baino eskatuko ditu, porrot egin zuten eta 60 milioi euro baino gehiago jaso zituzten enpresei emandako diru-laguntzen inguruko erantzukizun politikoak argitzeko.

Gaur, asteartea, hartu du erabakia batzordeak, eta deklaratzera deituko dituen pertsonen zerrenda eta zenbait enpresa eta erakunderi eskatuko dien txostenak adostu ditu, Carmelo Barrio batzorde horretako presidenteak hedabideei azaldu dienez.

Deituko dituen pertsonen artean, Joan Villadelprat Epsilon enpresako sustatzailea da. Izan ere, Gasteizko auzitegi batek Villadelprat zigortu zuen, enpresaren kaudimen eza areagotzeagatik, diru-laguntza bidez 45 milioi euro baino gehiago jaso eta gero.

Hirikok, halaber, 15 milioi euro jaso zituen diru-laguntza bidez, eta, Epsilonekin gertatu bezala, proiektu horrekin gertatutakoa argitzeko, ikerketa abiatu dute.

Besteak beste, honako hauek deituko dituzte deklaratzera: Julian Sanchez Alegria Euskadiko Parke Teknologikoen presidente ohia, Mauri Lazcano SPRIko presidente ohia, Iñaki Telletxea Teknologia sailburuordea eta Juan Tomas Hernani Espainiako Gobernuaren Berrikuntzarako idazkari nagusi ohia.

Legebiltzarreko ikerketa batzordeak eskatu duen agirietako bat Herri Kontuen Euskal Epaitegia egiten ari den txostena da. Barrioren ustean, baliteke maiatza bukaerarako izatea bukatuta.

Batzordea maiatzaren 27an bilduko da berriro. Ekainean, asteartero elkartuko dira, eta bi ostiraletan ere egingo dituzte saioak.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena