Politika
''Euskadi pregunta''
M.I./E.L. | EiTB.COM
Patxi Lopez PSE-EEko idazkari nagusiak herritarren galderei erantzun die ETB2ko "Euskadi pregunta" saioan. Besteak beste, Espainiako Gobernuaren espetxe- politika izan du hizpide.
Albisteak (4)
Bideoak (3)
Informazio gehiago (1)
Patxi Lopez PSE-EEko idazkari nagusiak ETB2ko "Euskadi pregunta" saioan adierazi duenez, "agian beharrezkoa da espetxe-politika ezberdin bat, gizarteratzea bilatzen duen espetxe-politika bat". Gai hori Espainiako Gobernuaren esku dagoela nabarmendu du Lopezek, baita "bake prozesuan aurrera egitea ahalbidetuko luketen aginduak ere".
Bakea lortzeko bidean EH Bildurekin balizko hitzarmen bat egitea posible den galdetu diote herritarrek PSE-EEko idazkari nagusiari. Lopezek erantzun duenez, "bakean eta elkarbizitzan aurrera egin ahal izateko oso garrantzitsua da adostasunak bilatzea, baina EH Bildurekin zorrotzak izan behar dugu".
Adostasunak eta akordioak bilatzeko garaian Bildu "lehentasunen artean" ez dagoela esan du PSE-EEko idazkari nagusiak. "Aurrera egiteko adostasunak bilatzea oso garrantzitsua da, lehentasuna da, baina Bildurekin oso zorrotzak izan behar gara", erantsi du.
Lopezek ezker abertzalea kritikatu du, "orain dela gutxira arte ETA txalotzen zuelako". "Bilduk oraindik iblibide demokratiko bat egin behar du", nabarmendu du.
Buruzagi sozialistaren hitzetan, "ETAk ez du pausorik eman, demokraziak eta demokratek ETA garaitu dute". "Orain ETAren amaiera zuhurtziaz kudeatu behar dugu guztion artean", azaldu du. Horretarako, beste espetxe politika bat eskatu du. "Baina presoek birgizarteratzeko bideari ekiteko askatasuna izan behar dute", erantsi du.
"Litekeena da espetxe-politika ezberdin bat behar izatea, eta horretarako Gobernuak legea aplikatu besterik ez du egin behar", adierazi du. "Exekutiboak arau batzuk aplikatzeko aukera du aurrera azkarrago egiteko", horren hitzetan.
Autogobernua
Autogobernua hobetzeko, "gauzak aldatzeko" prest agertu da PSE-EEko idazkari nagusia, baina adostasunen aldeko apustua egin eta independentzia arbuiatu du, herritarrak "aurrez aurre jartzen dituelako". "Mugak eraikitzea historiaren aurka egitea da", Lopezen esanetan. Munduan subiranotasun "esklusiborik eta baztertzailerik" ez dagoela ohartarazi du.
"Autogobernu gaitasun izugarria ematen digun Gernikako Estatutua daukagu Euskadin. Munduan ez dago halakorik, Euskadiko autogobernua duen lurralderik, alegia", erantsi du. Horren harian, Estatutuak "elkarbizitza sendotzeko eremua bultzatzen du, ezberdin pentsatzen duten pertsonek elkarrekin bizi ahal izateko", esan du.
"Independentzia defendatzea oso legitimoa" dela uste du Lopezek, baina herritarrak "banatzen eta aurrez aurre ipintzen" dituela gaineratu du. Independentziak "gizartea hausten du"e, horren ustez. Aitzitik, Euskadi "guztion artean eraiki behar dugu, ez batzuek besteen kontra", azpimarratu du.
Azkenik, Europa eraiki ahal izateko "subiranotasuna lagatzea" babestu du, "politika ezberdin bat aurrera eramateko".
Eguiguren
Bestalde, Jesus Eguiguren PSE-EEko presidenteak egindako azken adierazpenen inguruan ere galdetu diote herritarrek lehendakariari. Eguigurenen hitzek polemika sortu dute azken egunotan. "Eguigurenen iritziak ez dira PSErenak; berak defendatzen duenarekin ez nago ados, baina errespetatzen dut", adierazi du.
Euskal sozialisten presidentea defendatu du Lopezek: "Berak autokritika egin zuen. Errespetu guztia merezi duen pertsona da, bake prozesuan gehien inplikatu diren pertsonetako bat baita".
Lopezen ahotan, "hanka-sartzea egin zuela onartu berri du. Barkamena eskatu zuen, nik ez diot su emango; Ni idazkari nagusia naizen bitartean, Jesus Eguiguren presidente izango da".
PSN eta Nafarroa
PSNko alderdikideek Nafarroan izandako jarrera kritikatu du buruzagi sozialistak. "Hasieratik beste era batera jokatuko nukeen nik", esan du.
"Nafarroako arazoa PSN dela ematen du, arazoa gutxiengoan dagoen Gobernua denean", kritikatu du. "Nik zentsura-mozio bat iragarriko banu, aurkeztu egingo nuke", adierazi du.
Ustelkeria eta ekonomia
Ustelkeria ere hizpide izan dute ETB2ko saioan. Lopezek erabat gaitzetsi du politikan dagoen ustelkeria. "Euskadin politikari askok bizitza arriskuan jarri dute politika egin ahal izateko, baina beste batzuk politikan aberasteko asmoz aritu direla ikusteak nazka ematen dit", salatu du. Ustelkeria kasuak argitu behar direla eta justiziak eredugarria izan behar duela uste du PSE-EEko idazkari nagusiak.
Politikarien "porrot handienetariko bat ekonomia ez gobernatzea izan da", onartu du Patxi Lopezek, "askotan espekulatzaileen eskuetan utzi dugulako".
"Akatsak egin ditugu, eta horietako bat ekonomia ez gobernatzea izan da", azpimarratu du. "Bankuei emandako dirua baldintzekin eman behar izan genien", erantsi du.
"Lehendakariek biziarteko soldatarik ez" dutela ziurtatu du PSE-EEko idazkari nagusiak. "Nire soldata bakarra legebiltzarkide gisa dudana da", azaldu du. Jaurlaritza utzi eta gero diru-sarreraren bat jasotzen duela dioten zurrumurruak zabaldu dira, eta Lopez haserre agertu da horregatik.
Bere exekutiboak Cabacas auziaren inguruko "informazio guztia Justiziaren eskuetan" jarri zuela ziurtatu du Lopezek, eta gertatutakoa deitoratu du, "dramatikoa izan zelako". Justiziak auzi hori ere "azkartasunez eta diligentziaz" ebatzi beharko duela esan du.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa